Albisteak

Izpitxo ere agertu da Sarrigurenen

2015-05-18

Sortzen elkartea eta Sarrigurengo eskolako gurasoak kontent agertu dira igandeko bestara jende anitz bertaratu zelako. Eskola berriaren aldarrikapena gizarteratu, eta sarea sendoago egiteko baliatu dute.

Eguerdirako, Sarriguren (Nafarroa) garbi eta egunerokoan murgildurik zegoen atzo. Goizean goiz hasi ziren karpak eta barrak desmuntatzen, eta nekez igar zitekeen aurreko egunean 15.000 lagun bildu zirela Sortzen elkarteak euskal eskola publiko berriaren alde urtero antolatzen duen bestan. Elkarteak berak eman du bertaratutako jende kopuruaren berri, eta balorazio oso ona egin du. Eguraldiarengatik kezkaturik zeuden, baina, azkenean, Izpitxo ere —aurtengo pertsonaia, eguzki itsurakoa— agertu zen bestara, eta eguraldia lagun izan zuten.
 

Bi helburu nagusi zituen bestak, eta biak ala biak bete dituzte. Alde batetik, Sarrigurengo eskolan toki faltarekin duten arazoari bozgorailua ematea eta gizarteratzea. Bestetik, eskola publiko berriaren aldarria: «Bestelako eskola publiko berri bat nahi dugula are ozenago esan genuen, eta jendeak bat egin du aldarrikapen horrekin», esan du Gari Torregrosak, Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak. Bestara joandako jendetza horren adierazle dela uste du.

Are, aldarri horri geroz eta jende gehiago batzen ari zaiola uste du. «Urtetik urtera atxikimendua handitu da; gehienbat azken bi urteetan indar handia lortu du», azaldu du Sortzen elkarteko ordezkariak. Horren gakoetako bat Sortzen hainbat eremutan lanean aritzea dela uste du: LOMCE legearen aurka eta beste borroketan ere.

Sortzen elkartea ez ezik, aurtengo besta antolatzen aritu diren boluntarioak ere pozik azaldu dira bestaren biharamunean. Haiek espero baino jende gehiago elkartu dela aitortu du Izaskun Vilak, Sarrigurengo eskolako amak. «Ez nuen asko ikusi, lan asko egin genuelako, baina jende asko etorri zen, eguraldi oso ederra egin zuen eta jendeak parte hartu zuen». Bera eskolako gunean egon zen, tailerrak eta tonbola zeuden tokian. Jende asko joan zen gune horretara, eta haurrek «oso gustura» parte hartu zuten haientzako jardueretan. «14:00ak alderako, tonbolako txartel guziak salduta zeuden, eta kamiseta ugari saldu genituen».

Badira halako bestetan jende asko izan dela adierazten duten beste zantzu batzuk. Adibidez, aparkalekuak. Eguerdian herriko sarrerak kolapsatu egin ziren, eta autoak Erripagainara bideratu behar izan zituzten. Bestalde, asko billabesan edo bizikletan joan ziren, Sortzen elkarteak azaldu duenez.

Familia osoak gozatzeko besta izan zen igandekoa, eta gazteek ere izan zuten non gozatu, arratsaldean haientzako kontzertuak izan baitziren.

Beldur ere baziren, Vilak aitortu duenez, baina azkenean eguraldiak ez zien hutsik egin. Urduritasun apur bat ere bazuten, batez ere aurreko egunetan, lehenbiziko aldia baitzen halako besta bat antolatzen zutela. «Ilusio handiarekin egin dugu, baita estres handiarekin ere, lan handia baitago. Berriak gara, eta gauza asko ez dakizu egiten. Martxaren arabera, arazoak sortzen dira, eta konpondu egin behar dituzu. Atzo ere [herenegun] arazo txiki batzuk egon ziren, eta konpondu genituen. Azkenean, dena primeran atera da; beti ateratzen da primeran», esan du.

Sare indartsuagoa

Gogoko aldapan, nekerik ez. Halaxe izan da Sortzen elkarteak antolatutako bestan, behinik behin. Vilak esan duenez, tokiarekin duten arazoa zabaltzeko aukera izan dute. «Eskola publiko bat nahi dugu, euskaraz eta kalitatezkoa», esan du. «Sarrigurenen masifikazio arazo larri bat dugu haur eskoletan, Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta hurrengo mailetan kanpora joan behar dugu», azaldu du. Eskaria egon badagoela esan du, gainera.

Arazoa jakinarazteko ez ezik, beste onura bat izan du bestak: Sarrigurengo eskolan sare zabalagoa ehundu dute. Lehenagotik bazen Hazi eta Hezi plataforma, eskolako arazoak salatu eta konponbidea galdegiten zuena. Baina bestarekin batera sare hori gehiago indartu egin dela uste du Vilak.

Torregrosak jendearen parte hartzea ere nabarmendu du, baita atzoko garbiketa txandetan ere. 08:00ak aldera hasi ziren, eguerdirako barrak jasota zeuden, eta ia karpa guziak desmuntaturik. Antolakuntzaren aldetik, beraz, «oso pozik» dagoela esan du. Bukatu da, beraz, urte osoko lanaren ondoren egiten den besta. Orain elkarteak lanean jarraituko du, heldu den urteko bestara arte.

Izpitxo ere agertu da Sarrigurenen

Bideoak