Albisteak

Bestelako PAI posiblea da

2015-08-26

Ulergarria eta agerikoa da inguruak astindu dituela Nafar Gobernuaren aldaketak. Zenbaitzuk, amildegitik ez erortzeko, gori-gori dagoen iltzea helduleku hartu izana da ulertezina zaiguna. Sutegitik atera berri den iltzea: PAI (Ingelesaren ikasketarako programa). Barka, neure buruari gezurra esan diot. Erabat ulergarria eta aurreikusgarria da bururaino eramandako defentsa PSN-UPN-PPren lehen lerroetatik. Aurreko presidenteak, Yolanda Barcinak, argi utzi baitzigun zein zen PAIren helburua; D eredua frenatu eta harresiak paratzea, hain zuzen.

Sortzen elkartearen izenean gure iritzia eman nahiko genuke gai honen inguruan eta bide batez eman beharreko eztabaida ireki, parte hartzaile eta publikoan, presente egoteko gure prestutasuna adierazi. Hasteko, gure bazkide diren zentroetan, hots, D ereduko zentroetan, atzerriko hizkuntzen ikaspena era bat bermatua dugu. Urteetako esperientzia sendoa eta emaitza bikainekin.

Sortzen osatzen dugun kideon artean arduraz ikusten dugu PAI programa defenditzeko darabilten argumentazio itsu eta faltsua. Zaila dute datuek ez baitituzte lagun, murrizketek eragina izan dute eta gainera izandako emaitza kaxkarrek lur jota utzi dituzte programa hauen aplikazioa. Jasotako kritika zabalak gehitu behar dizkiegu guzti hauei, hizkuntzalaritzan adituek, sindikatuek eta gurasoek eginak; eta gobernu aldaketa eman denetik, Hezkuntza kontseilariarenak berak ere. Argi esan genezake oposizio politikoaren joko karta den honentzat ez datozela aldeko eskukadak. Okerragoak, Balear uhartetan PAI atzera bota eta hemen sutsuki defendatzen duten horientzat. Zein asmorekin? Haiek jakinen dute.

Aspertuta gaude gainera, nola Nafarroako Hezkuntza departamentuak jolastu duen gure ikasleen etorkizuna eta haien familien espektatibekin. Eta zer nolako errespetu falta irakaslegoarekin izan duena. Lotsagarria! Iruzur itzela izan da Ingelesaren irakaskuntza pertsonen gaindi jartzea. Hizkuntza honekin egiten den erabilpena ez da positiboa guretzat. Gure seme-alaben bikaintasunaren ideia saldu nahi digutelarik aldi berean. Soberan ez dago, hezkuntza sistemak, pertsona kritiko eta solidarioak hezi behar dituela aipatzea. Ez lan merkatuko monstruo konpetitibo hutsalak sortzea. Hona iritsita, bestelako PAI bat posiblea dela konbentzimenduz esaten dugu.

Atzerriko hizkuntzen ikaspenerako programak garatzea oso aberasgarria eta posiblea da. Berauek tokiko errealitatera egokituz, eredu pedagogikoarekin zein ikaslegoaren adinarekin bat etorriko direnak, planifikatu eta errekurtsoz hornituak. Kalitatea lehenetsiko dutenak, gainontzeko materiak kaltetu gabe.

Gaia bere lekuan jartzeaz mintzo gara. Zer da benetan arduratzen gaituena? D eredua frenatzeko harresiak eraikitzen jarraitu nahi dutenek jakinen dute ze bilatzen dute benetan. Gu bederen ez gaude horretan. Gure hezkuntza sistema hobetzeko lagungarri izan nahi duten guzti horiek, ondoan izanen gaituzte. Bide honetan ez ditugu murrizketak onartuko, ezta zonifikazioak ere. Eleanitza, gartsua eta etengabeko transformazioan egonen den ereduaren alde gaude. Ikaslegoa eta haren beharrak bizkarezur izanen dituena.

Azkenik, kurtso honetako luzamendu aukera hau probestu nahiko genuke eztabaida publiko, parte-hartzaile eta kalitatezko bat irekitzera deitzeko, helburu eta epeekin, zeinetan hezkuntza komunitate osoak parte hartuko lukeen. Bestelako PAI bat posiblea delako.

 

SERGIO IRIBARREN GALBETE / Sortzeneko kordinatzailea Nafarroan