Albisteak

RATIOAK. Nafarroako Parlamentuan egindako lan saioaren balorazioa

2015-10-21

Ikasturte hasieran sortutako egoera larri horren aurrean, zenbait ikastetxeetan ematen den gehiegizko ratioa dela eta, Sortzen Elkartetik zenbait ekintza martxan jarri ditugu.

Alde batetik, Iruñerriko gurasoek eta irakasleek sinatutako 1000 instantzia baino gehiago aurkeztu ditugu Hezkuntza Departamentuan, egoera horri berandu baino lehenago irtenbide bat eskatuz. Bestetik, Hezkuntza Kontseilariarekin izandako bileran, arazo horren inguruan hitz egiteko aukera izan genuen, baina, nahiz eta borondatea aldekoa agertu, Departamentuak bizi dituen ezintasun ekonomikoak, konponbidea zailtzen duela jakinarazi zigun.

Astearte honetan, urriaren 20an, Nafarroako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko lan saio batean hartu dugu parte, Geroa Baik, EHBilduk, Ahal Duguk eta Izquierda­Ezkerra talde parlamentarioek eskatua.

 

Sortzen Elkarteak, Parlamentuko alderdi politikoen aurrean, proposatu­aldarrikatu duena:

Gure aldetik, Kristina Andres irakasleak, Maite Ongay eta Edurne de Miguel gurasoek, eta Sergio Iribarrenek Nafarroako elkarteko koordinatzaileak hartu zuten hitza. Laburbiduz, hauexek dira eraman genituen aldarrikapenak:

- 14/2012, apirilaren 20ko Erret dekretu­legea ez aplikatzea eskatu genuen. Horrekin batera, behar diren baliabideak eta neurriak hartzea premiazkoa dela aldarrikatu genuen. Bihar bertan eta datorren ikasturteei begira, bidea argi dagoela ere bai erantsi genuen, baliabideak eta autonomia gehiago ikastetxeetan beharrezkoa direla. Eta horrekin lotua, Gobernuan egon diren alderdiei, aurreko urteetan egin dituzten kudeaketen erantzukizunak eskatu genizkien, eta besteei, “aldaketaren gobernua” osatzen dutenei, Hezkuntza Departamentuari premiazko neurriak eta ahalik eta lasterren har ditzatela eskatu genizkien ere bai.

­- Gure interbentzioen bukaeran, halako eskaera zehatza egin genien: “ahalik eta lehen jarduera osoko irakasleak kontratatzea 25 ikasle baino gehiago dauden taldeak bi edo hiru talde bihurtzeko”.

 

Jasotako erantzunen harira egiten dugun balorazioa:

Hasteko, pozgarria izan zen, alderdi politiko guztien bozeramaile ahotsetan, eskola publikoaren alde daudela, eta kalitatezko hezkuntza baten alde behar diren baliabide guztiak inbertitzearen alde daudela entzutea.

Dena den, ez garenez atzo jaio, kezkaz bizi izan genuen, alde batetik, orain jasaten ari garen egoeraren erantzuleen jarrera lotsagabea ikustea; eta bestetik, “aldaketaren Gobernua” babesten duten alderdiek erakutsitako ezintasunak nabarmentzea. Horrek ezinegona sortu digu. Erregimena Nafarroako eskola publikoa zokoratzen saiatu da, behin eta berriro, neurri batzuk hartuz edo baldintza batzuk urratuz; eta egungo Gobernuak benetako zailtasunak heredatu ditu baina herentzia latz hori gainetik kentzeko keinurik edo neurriren batzuk hartzerik ez dute hartu.

Orain konpromisoetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, eta aurrekontuen eztabaidan aukera ederra daukagu. Nafarroako Hezkuntza Europako hoberen artean kokatzeko helburua daukagu. Beraz, zer egin behar den argi izan behar dute: urte hauetan inbertitu ez dena “hornitzea”, “premiazko lehentasuna” izatea: ratioak jaisteko, irakasleen lan baldintzak hobetzeko, euskarazko hezkuntza zabaltzeko, ikasleen beharrei hobe erantzuteko, azpiegiturak hobetzeko, ... Inbertsioak egiteko, dirua behar da. Nondik atera gobernuaren ardurapean gelditzen da.

Hemendik aurrera:

Sortzen Elkartetik, elkarlanerako prest gaudela azpimarratzen jarraituko dugu. Lehentasunak finkatzeko eta kalitatezko hezkuntza baten alde lan egiteko prest gaude, Administrazioarekin batera, elkarlanean aritzeko prest gaude. Baina ez gara mutu geratuko. Neurriak hartzeko garaia da, lehen bai lehen, gure ikasleek, seme­alabek, irakasleek merezi baitute, Nafarroako jendarteak merezi duelako.

Aurrekontuei begira gaude ere bai. Alderdi politikoen konpromiso zehatzak gauzatzeko momentua izango da. Zenbaki kontuak ez dira gure lanak izango. Gure aldetik, garbi dugu, gure lana, gure helburua, gure ardatza KALITATEZKO HEZKUNTZA bermatzea. Hots, Hezkuntza ez da gastua, inbertsioa baizik.

Lan saioa osorik, bideoan ikusi:

LAN SAIOA RATIOAK