Albisteak

PAIren inguruko kezkak eta kexak. Barkos eta Mendozarekin bileraren osteko oharra.

2015-12-02

Hasteko, gure bazkidea den Sarrigurengo Guraso Elkartearen posizionamenduarekin, PAIren inguruan, bat egiten dugula argi utzi nahi dugu.

Nafarroako Hezkuntza Sisteman elkarbizitzen diren hizkuntz ereduez gain (D, A eta G), lehenengo TIL izenarekin, eta geroago PAI izenburuarekin, kanpoko hizkuntza ikasteko programa bultzatu dute, azken urteetan, Hezkuntza Departamendutik. Gure ustez, eta Yolanda Barcina Presidente izan zenaren ustetan ere, programa honen helburua, hizkuntza baten pedagogiatik urrun zegoen, eta D ereduari oztopoak jartzea besterik ez zuten bilatzen.

Ebaluaziorik eta inongo babes pedagogikorik ez zuen programa honen bultzadaren bidez, aurrekoa Hezkuntza Departamenduak, hizkuntzen erabilera politiko maltzurra egin dutela salatu nahi dugu. Hizkuntzen arteko talka bilatu nahi izan dute, hizkuntzak pertsonak elkar-ulertzeko eta komunikatzeko balio dutela ahaztuz. Horretarako, D ereduan, betidanik, kanpoko hizkuntzak ikasten direla nahita ezkutatu dute; eta eredu honetan, eta soilik D ereduan, Nafarroako ikasle eleaniztunak lortzen ditugula, nahita, ezkutatuz, ere: D ereduko ikasleek lurralde honen bi hizkuntz ofizialak menperatzen dituztelako, eta ingelesaren ezagupen maila altu bat lortzen dutelako.

PAIren inguruko eztabaida sozialaren beharra:

Mendoza kontseilari berriak gidatzen duen Hezkuntza Departamenduak, ikasturte hasieran hartu zituen erabakien artean, aipatutako programa honen inguruan ebaluazio bat egitea, izan zen. “Moratoria” aipatu zuten ere, baina irailean, programa honek bete zuen aurreikusitakoa, eta martxan dago, eta martxan jarri zen, hainbat ikastetxeetan. Beraz, nahiz eta zalantzaz betetako programa bat izan, martxan dago gaur egun ere, eta momentuz, nahiz eta Departamenduaren nahia izan ere, honen inguruko eztabaida soziala, ordenatua, helburu zehatzekin, eta abar, ez da eman.  

Sortzen Elkartean, PAIk betetzen dituen helburu pedagogikoekin zalantzak ditugu, betetzen ez dituelako, hain zuzen ere. Europara begira jarri gaitezke, edota Espainiar estatuko beste lurraldeetan egin diren programa honen inguruko azterketak aipatu ditzakegu. Ez da hizkuntz-murgiltzea bermatzen, beraz, eta kontseilariari horrela esan genion ere, prest gaude, Departamenduarekin batera, eztabaida honetan parte hartzeko, D ereduan urteetako esperientzia baitugu hizkuntz-murgiltzean.

Laburbilduz, eztabaida pedagogiko bat behar dugu kanpoko hizkuntzen irakaskuntzaren inguruan, Nafarroako Hezkuntza Komunitateak behar du, eta jendarteari zor diogu zenbait azalpen gai honen inguruan, intoxikazio eta manipulazio kanpainen gainetik. Gure ustez, Departamenduaren ardura da, Europa mailako adituen ekarpenak jasotzea interesgarria izango litzateke. Gure aldetik, bitartean, urtarrilean, gai honen inguruan mahainguru bat ari gara prestatzen.

Beste gai batzuk,premiazkoak, ditugu Nafarroako Hezkuntzan.

    Guzti hau argi utzita, eta gai honek duen garrantzia baztertu gabe, gogoratu nahi dugu Nafarroako Hezkuntza Sistemak beste neurri batzuen premian dagoela. Ikasturte hasieran lehentasun hauek zerrendatu genituen, eta Kontseilari jaunari aurkeztu ere. Orain, gainera, aurrekontuen eztabaidan bete betean sartu behar garen honetan, inbertsioen inguruan hitz egiteko garaia izanen da.

    Bestelako Hezkuntza Politika egiteko garaia heldu da, iluntasuna eta konfrontazio garaia atzean utzita. Kalitatezko hezkuntza nahi dugulako, irakasleek lan baldintza hobeak behar dituztelako, formakuntza eta “birziklapen-planekin”, ratio txikiagoekin, … ; Nekazal eremuko eskola indartsuak behar ditugulako; euskarazko eskaintza handiagoa behar delako Nafarroan osoan, Lanbide Heziketan, 0-3 urteetako tartean, baita unibertsitatean ere; ikasleen aniztasuna eta beharrak kontuan hartuko duen hezkuntza behar dugulako; LOMCE eta inposiziorik gabekoa, parte-hartzailea, …


    Guzti honengatik, eta berriro esango dugu: beharrezkotzat jotzen dugu, ezinbestekoa, Nafarroan bestelako Hezkuntza Sistema baten alde indarrak biltzea, eta lanean jarraitzea. Manipulazio eta intoxikazioen gainetik, Hezkuntza Politika integrala, Hezkuntza Komunitatean beharretara erantzungo duena, alderdikeriak kanpoan utziz. Zulo handi batean utzi dute Nafarroako Hezkuntza Sistema aurreko legegintzaldietan; orain, poliki poliki, baina pausu irmoz eta determinazioz, argira ateratzea egokitu zaigu. Gu bidea egiteko prest gaude, eta aipatutako oztopoak gainditzeko indarrak nahiko ditugula sinistuak gaude ere. Beraz, animo eta aurrera!