Albisteak

ESKOLHARRIA, BIHARKO HERRIA

2016-01-18

MENDE LAURDENAri begirada bat.

Aurten, 25 urte bete dira hezkuntzaren egoeraz kezkaturik , horri erantzun eta eraldaketa egiteko “EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN ALDEKO MUGIMENDUA” sortu zela. SORTZEN MUGIMENDUA hain zuzen. Eta mugimendu talde hau da gure elkartearen sorrera. 

Eta hori dela eta, aurten, maiatzaren 22an, urte osoan zehar burutuko ditugun ekimenen azken urrats bezala,  EUSKAL ESKOLA PUBLIKO horren aldeko aldarrikapen eguna ospatuko dugu.

Esan bezala, mende laurdena igaro da Hernanin sare ezberdinetako kideak elkartu zituen SORTZENeko eraketa kongresuak. Bertan, ikastoletako zein eskola publikoetako kideak bildu ziren Euskal Herriak behar zuen hezkuntzaren inguruko hausnarketa bideratzeko helburuarekin. Hau da, eremu ezberdinetatik gure herriak behar zuen eskola eredua margotu eta eraikitzeko.

Geroxeago, 1993 urtean, Euskal Eskola Publikoaren Legearen onarpenarekin batera EAE-n, ikastolen publifikaziorako bidea ireki zen horrek suposatzen zuen guztiarekin. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sare publikora bilduriko ikastolek elkarrekin antolatuta jarraitzearen behar larria zuten; hasiera batean publifikazio prozesu korapilatsu bati aurre egiteko beharrak baitzeuden. “Bizirauteko” sortu zen taldea gorpuztuz eta sendotuz joan zen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko lanean sare publikoaren barrutik jarduteko asmoz.

Prozesu honek Sortzen mugimenduak egitura berria hartzera eraman zuen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskal eskola publiko berriaren aldeko elkartea eta Nafarroako eskola publiko euskaldunen elkartea. Baina dibertsifikazio honek urte gutxi iraun zuen eta bitarte horretan bi elkarteek Hernaniko kongresuan sortutako lanerako gune ideologiko zabala eta irekia bereganatu zuten.

Geroztik,  Sortzen elkartean bildu izan garen Euskal Herriko Eskola-Ikastola Publiko Euskaldunetako guraso, ikasle, irakasle eta langile ez-dozenteok, Euskal Eskola Publikoak gure herrian izan behar dituen eta ezinbestekotzat jotzen ditugun ezaugarriak izan ditugu lanaren oinarri. Gure helburu nagusiena  Euskal Eskola Publiko Berrirantz eta Hezkuntza Sistema Propioa lortzeko elkarlana bultzatzea izan da.  Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko lanean jardutea, sare publikoaren barrutik, helburu bera duten ikastetxe, sektore eta erakundeekin elkarlanean arituz, Euskal Hezkuntza Sistema gauzatzeko xedearekin. Euskal hezkuntza sistema propioa lortzeko elkarlana burutuz, Euskal Herri osoko ikastetxe publikoak saretuz Euskal Eskola Publiko Berrirantz.

Eta horretarako oinarri bera aintzat hartzen dugu: Oinarrizko Hezkuntza Akordioa. Bertan barnebiltzen dituen hezkuntza eskubideen alde lan egiteko hautua hartua dugu. Eta eskubide horiek bermatuko dituen euskal eskolaren alde egingo duen edozein hezigune zein hezkuntza komunitateko kide gure kidetzat hartuko dugu. Euskal Herri mailako elkartea gara. Euskal Herritik Euskal Herriarentzat lan egiten dugun elkartea.

Duela 25 urte Sortzeneko eraketa kongresuan bildu gintuen arrazoi berdinek biltzen gaituzte. Eremu ezberdinetatik gure herriak behar zuen eskola eredua marraztu eta eraikitzeko asmoz sortu zen eta orain ere ariketa hori egin dugu. Oinarrizko Hezkuntza Akordioak markatzen dituen eskubide horien baitan egin beharreko lanak adostu ditugu, beti ere Euskal Herriak beharduen hezkuntzaren inguruko hausnarketa burutuz.

Boterean daudenek, zein egungo hezkuntza eredua mantentzea helburu dutenek, eguneroko jardunean oztopoak eta trabak jartzen dituzte (hizkuntza ereduak, ratioak, jantokien afera...) horietan tematu eta benetako arazoaren muinari heldu ez diezaiogun, hezkuntza sistemaren oinarriei alegia.  Urte asko pasa dira jada agintariek hezkuntza euren nahien araberako jendartea sortzeko erabiltzen hasi zirenetik.

Eta bide honetan jasan izan ditugun lege eta dekretu zaparrada zerrenda genezake: LOGSE, LOE, Testu Liburuen dekretua, Lanbide Heziketen Legea, Bologna Prozesua, Vascuencearen legea, Ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua, Espainiak bideratutako azken Hezkuntza Erreforma(LOMCE)... Zerrenda amaigabea litzateke, helburua ordea bakarra: estatu eredu kapitalista, akritiko eta patriarkala denboran mantentzea.

“Zelako hezkuntza, halako herria” esaldiak beraz oso ongi islatzen du estatu ezberdinek hezkuntza arloan egiten dituzten mugimenduak. Aldi berean, oso ongi islatzen du Euskal Herriak historian zehar egoera ezberdinen aurrean hartutako erabakiak eta erantzunak. Lege eta dekretu ezberdinen bidez gure herriko berezko izaera suntsitu eta homogeneizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin izan dutenean, Euskal Herriak tresnak eraiki eta gure berezko hizkuntza, kultura eta ohiturak biziraun dezaten alternatibak sortzen jakin izan du. Eta SORTZEN elkartea beti hor izan da.

Horren erakusgarri dira hezkuntza publikoen barruan euskal irakaskuntzaren lanketan eta zentroen autonomiaren alde egindako ahaleginak, ikasle mugimendua, euskarazko irakaskuntzaren gorakada, Euskal Curriculuma sortzeko prozesua, aisialdi eremuan gertatutako zabalkundea, LOMCEri kontra egiteko tresna eta lan ugari, …  Hamaika egitasmo eta helburu bera: Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema eraikitzea.

Ordutik hona gauza batzuk aldatu egin ba dira ere, Hernanin bildutakoek ezinbestekoak ikusten zituzten EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN ezaugarriak oraindik aldarrikatzen jarraitu beharrean gaude gaur egun ere:

* Euskal eskola publiko herritarra behar dugu. Herria eta auzoarekin lotuta eta kudeaketa demokratikoa sustatuko duena.

* Ikaslearen beharrei erantzuteko eta berezkoak dituen gaitasunak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta metodologiak erabiliko dituena.

* Ikasle euskalduntzea bermatuko dituena.

* Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituena.

* Parte hartzailea . Eskola komunitatea osoa inplikatuko duena.

* Aniztasun ideologikoa izango duena.

* Herri eta auzo curriculumak landuko dituena.

* Kalitatezkoa

* Ikasleen ebaluazio jarraia eta barne ebaluazioa hobekuntzarako zutabe gisa ezarriko

* Hezkidetza oinarri izango duen irakaskuntza integrala.

Aurkezpenaren bideoa

ESKOLHARRIA, BIHARKO HERRIA

Bideoak