Albisteak

D eredua. Matrikulazio kanpaina

2016-02-11

Pasa den urteko uztailean Nafarroako Gobernua aldatu zenetik, eta Hezkuntza Departamendu berria osatu zenetik, hauxe da lehenengo “aurrematrikulazio kanpaina”. Dudarik gabe, azken urteotako kanpaina interesgarriena izaten ari dena, eztabaida, hausnarketa eta aldarrikapena ez da falta, alegia. Aurreko legegintzaldian izan zen, Parlamentuan, kanpaina honetan berebiziko garrantzia izaten ari duen erabakia hartu zutela: D eredua hautatzeko eskubidea Nafarroa osoan.

Ikasturte hasieratik, hizkuntzen trataera eta irakasleen lan postuak, eztabaidaren jo puntuan egon dira, eta badaude. Zentzu honetan, alde batetik, Sortzen Elkartearen ustez, eta horrela aldarrikatu genuen bere garaian, PAI programak ebaluazioa behar du, arrainek ura behar duten bezainbeste. Eta bestetik, Nafarroak, irakasleen zerrenda bakarra behar du, gure haurrek merezi dutelako, eta irakasle prestatuenak errekonozimendua eta saria merezi dutelako.

Aldaketa, politika berrietan eta premiazko neurrietan garatu beharko da. Ezin da “guztien onurako gobernatu”, aldiz, kudeaketan nafartar guztiak kontuan hartzea bai, justizia eta elkartasuna parametroetatik═ż horregatik Sortzenetik, “Aldaketako Gobernuari” bestelako Hezkuntza Sistema baten alde urratsak ematea eskatu diogu jada. Horixe da Sortzen Elkartearen apustua: ikasturte hasieran aurkeztutako dokumentua.


D ereduarentzat garai berria dator, eskola berri baten bila goaz, eta Nafarroako eskoletan eta herrietan leku berrien bila ere. Aipatu dugun dokumentuaren garrantzia horretan datza: alde batetik eskola berriaren ezaugarriak aipatzen ditugulako, bestetik, pedagogiaren inguruko eztabaidarako eta hausnarketarako tartea irekitzen dugulako, eta azkenik, premiazko neurrien zerrenda argi dagoelako.

Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen Hezkuntza Ereduaren aldeko lanean ari gara, horretarako irakasle prestatuak behar ditugu, prestatuenak. Egun hauetan, Nafarroako Hezkuntzako enplegu publikoko eskaintza dela eta, gehiengo sindikalak egin duen irakurketa eta aldarrikapenekin bat gatoz, kalitatezko hezkuntza sistema
baten alde.

SORTZEN ELKARTEAREN KANPAINAK:
Aurten, gure elkartetik, 3 kanpaina ezberdin atera ditugu aurrera, jarraian azalduko ditugunak:


- Kanpaina orokorra: D eredua, aberastasuna eredu

Aukera hau probestu nahi dugu, gure bazkideak diren Guraso elkarteek eta ikastetxeek egiten duten lana goraipatzeko. Urte osoan egiten da kanpaina, eguneroko lana da gure bozgorailu hoberena, baina egun hauetan egiten diren
“atezabalik” jardunaldiek garrantzia badute ere. Ekimen anitzak dira, eskolaz eskola, herriz herri antolatzen direnak, bideo promozioak ekoiztu, jaiak antolatu, euskarazko irakaskuntzaren inguruko hitzaldiak, … Bere haurren hezkuntzan
sinisten duen komunitate bat gara. Komunitatea, hori da aurtengo kartelan irudikatu nahi genuena: Oier, Amets, Luisma,
Maritxu, Amaia, Miguel, denontzako tokia dago D ereduan: ikaslea erdigunean, eta inguruan gurasoak, hezitzaileak, jantokiko langileak, aiton amonak, … , jendarte oso baten aberastasuna aldarrikatu nahi dugu. Konfidantzan abertsak, emaitzetan,
hizkuntzetan, hurbiltasunean. Aberastasuna eredu.

- Sakanako kanpaina: Iturri zaharreko ur berria.


Sakanan, Sortzen bazkide diren eskolen bidez, kanpaina egiten dugu ere: Olazti, Altsasu, Iturmendi, Arbizu, Lakuntza, Etxarri, Irurtzun eta Urdiain. Herrietako eskolak dira, herrien biziraupenerako ezinbestekoak, komunitatearen ardatza. Herri horien esperientziaren ispilu dira, herrietako iturri zaharretatik isurtzen den ur berria, belaunaldi berriak, garai berriak … Sakana, herri eskolekin sortzen.

- Zonalde diskriminatuan: Furgo D


Sortzen Elkartetik, urte dezente daramagu aldarrikapen honekin: Euskaraz ikasteko eskubideak ez du mugarik. Lehen aipatu dugun Legealdaketa dela eta, aurtengo aurrematrikulazioan, D eredua hautatu ahalko dute Nafarroako herri guztietako
eskola publiko guztietan. Guretzat, ezinbestekoa da, Nafarroako Hezkuntza Sistemarentzat, Euskaraz eta herrian ikasi ahal izatea. Herriz herri, D ereduaren aldeko kanpaina ari gara egiten, “Furgo D” izeneko dinamika baten bidez, Errigorak bultzatutako auzolanaren diru ekarpenari esker aurrera atera duguna: euskarri informatiboak, erakusketa, bideo proiekzioak,
mahainguruak, Hamarratz artelanaauzolana,...

Hezkuntza eredu hau ezagutarazteko, beldurrak uxatzeko, gure ustez, dagoen artean, osatuena delako:
urteetako esperientzia, komunitate oso bat, irakasleen prestakuntza, Nafarroako bi
hizkuntz ofizialak gehi kanpoko hizkuntzak, …

Hitzorduak:
. Kaparrotsu. Otsailaren 4an egon ginen, Richard Weyndlingekin batera.
. Alesbes. Otsailaren 10ean, arratsaldeko 5etan, kultur etxean.
. Bilatorta. Otsailaren 11an, arratsaldeko 5:30ean udaletxean.
. Erriberri. Otsailaren 12an, arratsaldeko 5:30ean, kultur etxean.
. Mendigorria. Otsailaren 13an, eguerdiko 11etatik aurrera.
. Oteiza. Otsailaren 13an, arratsaldeko 5etatik aurrera.
. Zentronikon. Otsailaren 15ean, arratsaldeko 7etan.

Honekin, azken deialdi bat iragarri nahi dugu. Besarkatu ekimena apirilaren 17an ospatu nahi dugu, D eredua zabalduko duten herri batean. Ekimen honen bidez, urte hauetan zonalde diskriminatuan euskarazko hezkuntzaren alde egindako lana eskertu nahi dugu, eta nola ez, herri horri, D eredua lortzeagatik, zoriondu. Otsailaren 19tik aurrera, herriz herri, eskualdez eskualde, euskaraz ikastearen aldeko apustua egiten jarraitu beharko dugu, ratioen gainetik, beldurren gainetik, … D eredua, etorkizuneko apustua delako. Argi adierazi nahi dugu, Nafarroa osoan, euskaraz eta herri guztietan ikasteko aukera eta eskubidea bermatua izan behar dela. Horretarako, kasu askotan, Hezkuntza Departamentuak, jada aipatu dituen neurriez gain (ikasleen kontzentrazioak eta garraioa eta jantokirako dirulaguntzak), diskriminazio positiboa egin beharko du hezkuntza eredu zehatz baten alde. Guk, D ereduaren alde egitera gonbidatu nahi dugu, lehen esan dugun bezala, Nafarroak duen aberastasuna barnebiltzen duelako, Hezkuntza Eredu osatuena delako, alegia.

Aurten, bidea jorratzen hasiko gara Nafarroako zenbait herrietan, bertako ehunka guraso eta haurrek, euskarazko hezkuntzaren komunitatea osatzen jarraituko dute. Urtez urte handitzen ikusiko duguna, ziur gaude, Nafarroako jendarteak behar duen hezkuntzaeredu nagusia izan arte, eta horretan gaude.

 

Prentsaurreko bideoa