Albisteak

Hemen gaude, D ereduaren alde: Sarrigurengo eta Noaingo familiekin bat!

2016-02-20

Ikasturte hasieratik, hezkuntza sistema bera, eta horren inguruko zenbait eztabaida egon dira Nafarroako eszenatoki politikoaren erdian. Diskriminazioa eta inposizioa nagusiak ziren garaietatik gatoz. Orain, administrazioa, Nafarroako jendartearen eskaerei begira jarri den honetan, gure Hezkuntza Sistema zulo beltz batean sartua dagoela konturatzen gara, gauza asko dago aldatzeko, eta horrek inbertsio eta mugimendu handiak eskatzen ditu.

Testuinguru honetan, Sarrigurengo eta Noaingo eskoletako D ereduko familien eskaera kokatzen dugu. Lehenengoak gure elkarteko bazkideak direlako, eta besteak, gure atea jo zutelako, beraien berri zuzena izan dugu, eta modu berean, gure laguntza eta babesa izan dute.

 

Babesten ditugu eskubide osoa dutelako. Euskarazko murgiltze eredua hautatu dutelako beraien seme-alabentzat, eta horrek, baldintza batzuk eskatzen ditu (ahalik eta ingurune euskaldunena ziurtatzea, adibidez). Ez dira bakarrak, ez dira kasu isolatuak. Iruñerriko ia auzo eta herri guztietan, holako ikastetxeak badira, D eredua soilik duten ikastetxeak, alegia. Eta aipatu ditzazkegu eskola horien zenbait sorrera, inongo trauma edota apurketa suposatu zuena: Txantreako Arturo Kanpion, Arrotxapeako Patxi Larraintzar, Atarrabian, Berriozarren, Uharten, Orkoienen… zerrenda luzea, bakoitza bere ibilbidea eta errealitatearekin, herrian eta auzoan guztiz txertatuak, elkarbizitzan oinarrituak, eta hezkuntza eredu beraren garapena posible egin duena. Akaso herri eta auzo horietan, elkarbizitza arazoak ote dituzte?; Auzo horietan, jendartea “segregatua” bizi al da?.


Horregatik, afirmazio horiek egin dituztenak ez ditugu ulertzen. Lehen aipatu dugun bezala, Iruñerrian, 30 urte baino gehiago daramagu hezkuntza eredu ezberdinen artean elkarbizitzen. Zergatik orain hainbeste “zarata politikoa” guraso hauek egin duten eskaera baten inguruan?. Gure eskaria ez da segregazioa edo inposizioa. Eskatzen dugun bakarra D ereduaren garapenean bideak bermatzea.

Ikastetxe horietan benetako arazoak dituzte, eta guraso horien iniziatibari esker, prozesu parte-hartzaileen bidez, konponbideak mahaigainean ari dira jartzen. Informazioa eta eztabaida bultzatu dute, sinadura bilketak, … modu honetan, informazio ezak sortu dezaken gatazka egoerak saihestu dituzte. Mila esker benetan, guraso hauei egiten duten lanarengatik! Eredu zarete!

Honekin, argi gelditu da jendartea, politikarien aurretik doala. Ez ditugu egoera hauek merezi, gure haurrek ez dute konfrontaziorako gogo hau merezi. Utz dezagun Hezkuntza Komunitatearen eskuetan bere etorkizunaren inguruko erabakitzeko ahalmena. D ereduak behar du, Sarrigurenek eta Noainek behar dute, gure seme-alabek eskubidea dute,eta euskarazko murgiltze ereduak ikastetxe propioak behar ditu. Eredu aberatsa da, Nafarroaren bi hizkuntza ofizialak menperatzea ziurtatzen duen bakarra, beraz, elkarbizitzarako zubiak eraikitzeko aukera gehiago dituena. Argi dago, eman bidea D ereduari!