Albisteak

Mahainguruak eskolHarriaren bidean

2016-03-10

Urtarrilaren 14ean, ESKOLHARRIA BIHARKO HERRIA lelopean maiatzak 22an Hernanin ospatuko dugun EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN aldeko aldarrikapen eguna aurkeztu genuen.

Egun horretan, Hernani gure proiektuaren erakusleiho bihurtu nahi dugu. Bertan, nahi dugun eskolaren ezaugarrien berri emango dugu erakusketak, panelak, ikus-entzunezkoak, tailerrak, informazioa, eta abar erabiliz. Gune ezberdinak antolatuko ditugu Hernanin, EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIA eraikitzeko guretzako garrantzitsuak diren gai bakoitzari bere tokia emanez: Curriculuma, euskara, hezkidetza, gazteak, …

 Eta dagoeneko, ESKOLHARRIA BIHARKO HERRIA lelopean bide bat marrazten ari gara. Hernanira eramango gaituen BIDARRIA hain zuzen.


BIDARRI horretan, maiatzak 22an Hernanin aldarrikatu nahi dugun eskolaren ezaugarrien inguruko hainbat ekimen antolatu ditugu hitzaldi eta mahai inguru formatuan, gaur hemen aurkeztuko ditugunak:

Hurrengo astean, Martxoak 17an, HIZKUNTZEN TRATAERA gaia hartuta Eibarreko Markeskoa jauregian MAHAI INGURUA egingo dugu.

Mahai inguru honen helburu nagusia orain dela lau urte abiatu genuen “Ikasle euskaldun eleaniztunen” proiektua modu praktiko batean aurkeztea da. Proiektua egingarria dela erakustea hain zuzen. Horretarako, Dimako Ugarana Herri eskolan eta Egiako Aitor ikastolan landutakoa ezagutaraziko dugu. Horretaz gain, Hizkuntzen trataeraz ari garenez, hirugarren hizkuntzaren sarrera goiztiarraz ere hitz egingo dugu, Nafarroako Hezkuntza departamentuan ingeles irakasleen irakaslea izandako Richard Weydling-ekin.

Apirilaren 7an, Donostiako Koldo Mitxelenan, EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIA eraikitzeko eragile desberdinek egiten duten ekarpena entzuteko aukera izango dugu. Bakoitzak duen proiektua erakutsi eta aurrera begira nola ikusten dugun bakoitzak azalduko dugu.

Apirilaren 21ean, berriz, Hernaniko Biteri kultur etxean, ESKOLA HERRITARRAK ETA PARTE HARTZAILEAK aztertuko ditugu.

Helburu nagusia beste eskola-eredu bat posible dela erakustea da. Parte hartzerako bideak erakutsi eta herria-eskola eskola herria lotura lantzea.

BID(h)ARRI honetan Nafarroan ere hitzaldiak egingo ditugu:

Martxoak 19an, ETXERAKO LANEN inguruan hausnartu eta eztabaidari bidea ireki nahiko genioke. Eta maiatzean, KALITATEA HEZKUNTZAN ZER DEN aztertuko dugu.

Sortzenek HITZALDI-MAHAI INGURU hauetan parte hartzera deitzen ditu hezkuntza-komunitatea eta era berean herritar guztiak. Denon artean amesten dugun EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIA edukiz bete dezagun.