Albisteak

EAEko HEZKUNTZA SAILAK AURKEZTUTAKO HEZKUNTZA SISTEMA HOBETZEKO PLANAZ

2016-03-15

Egia da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2015eko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak larriak dira. Baina ez da berria ere. Aspalditik jarri diogu euskalgintzak eta hezkuntza-komunitateak (ISEIren ikerketak ere) arazo hau mahai gainean Hezkuntza Sailari.

Uriarte anderea, orain, gaur egungo hizkuntza-ereduek, ezta D ereduak ere ez dutela euskalduntzea bermatzen esatera datorkigu. Eta orain arte bai? Eta orain arte honen berririk ez zuela sinestu behar al diogu? LOTSAGARRIA.

LOTSAGARRIA eta arduragabekoa errealitate horren jakitun LOMCEren harira Wert-ekin hitzarmena sinatzea ereduen sistema betikotuz eta sabai bezala ezarriz.

LOTSAGARRIA ere arautu berri dituen heziberri dekretuetan ez duelako berez sistema gainditzeko bitartekorik planteatu.

Bere ardura gainetik kendu asmoz edo, eskolak soilik ezin duela euskalduntzea bermatu esan du. LOTSAGARRIA benetan. Heziberri egitasmoaren hasieran abian dugun eta ezaugarri nagusi bezala ideia hori bera duen “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen” proiektua kontutan izateko esan genienean kasurik ez ziguten egin. Eta gainera, eskolei hizkuntza proiektuak egiteko gida bideratu dienean ez da auzo-herriekiko elkarlanaz ari.

Ikastetxeen autonomiaren aitzakian bakarrik uzten ditu hauek helburuen lorpenerako bitartekorik eman gabe batez ere testuinguru soziolinguistiko zailenetan. Etorkin gehien pilatzen den zonaldeetan inolako errefuertzorik eman gabe ikastetxeek bere lana egin dezaten ikuspegi inklusibo batean.

2009an hasi zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Hezkuntza Saila ebaluazio diagnostikoa egiten eta 2015ekoarekin dator orain guzti honekin. Hezkuntza hobetzeko helburu zuzena omen  zuen ebaluazio honek. Zer hobetu du? LOTSAGARRIA.

Sortzen elkartetik guzti hau salatu nahi dugu eta behingoz arduraz joka dezala exijitzen diogu Hezkuntza Sailari. EREDUEN SISTEMA GAINDITU ETA MURGILTZE EREDUEN ALDEko apustua egin dezala.

Hezkuntza eta hizkuntza ezin dira behin eta berriz partxeatu. Hezkuntza Sailak badu garaia, hezkuntza komunitatearekin batera eseri eredu berri bat martxan jartzeko belaunaldi berrien euskalduntzea bermatzeko.

Bide batez, martxoaren 17an arratsaldeko 18:30tan Eibarreko Markeskoa Jauregian egingo dugun “Hizkuntzen trataera” inguruko mahai ingurura gonbidapena luzatu nahi dugu.