Albisteak

BESARKATU EKIMENA

2016-04-08

Tafallan D eredua lerro publikoan zabaltzea lortu dugu , baita Kaparroson eta Lodosan ere, momentuz. Hori eta Tafalla Herriak etorkizunerako aukerak ireki dituela ospatzeko BESARKATU EKIMENA burutuko dugu.


Ekimen honekin, EUSKARARI ateak zabaldu dizkioten herriak, eta modu berean, Vascuencearen Legearen harresian pitzadura bat irekitzea lortu duten familiak eskertu nahi ditugu. Besarkada bero bat ematea baino gauza hoberik badago? Eta besarkada hau kolektiboa bada? Merezi duten babesa eta maitasuna helaraziko diegu.

Hau da BESARKATU EKIMENAren filosofia. Urte luzeak daramatzagu euskarak Nafarroako lurralde osoan behar duen tokia aldarrikatzen. Izan ere horretan badugu oraindik bidea egiteko. Ezin ukatu baina, poztekoa dela hainbat herrietan D eredua zabaltzeko egindako lana . Utzitako nekeak, negarrak, bidaiak, pankartak eta kartelak. Nafarroako beste lekuetan gertatu zen bezala orain dela 10,20 edota 30 urte, Iruñerrian adibidez, edota Garesen, Lizarran, … D eredua aukeratu duten famili horiek babesa beharko dute, bide berri bat irekitzen ari direlako, gaztelera nagusia den ikastetxe baten barruan; eta askotan, informazio faltari, edota beraien bizilagunen ezulertzeari aurre egin beharko diote. Beraiekin gaudela esan nahi diegu.


Hau izanen da gure ekimena: Apirilaren 23an, TAFALLAN, herriko plazan, eguerdiko 12:30etan besarkatze erraldoia eginen dugu . Herriko plazako kioskoa inguratu eta elkarri eskerra emanen diogu emandako urratsarengatik.

NONDIK DATOR?
Azken urteetan Sortzen elkarteak, euskara diskriminatua izan den zonaldean, Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatu du hainbat ekimenen bidez. Dinamikak, itxialdiak, prentsaurrekoak, parlamentuan bilerak... Eta egutegian zita bilakatu den euskaraz ikasibizi jaia, Artaxoan, Mendigorrian, Bilatortan, Faltzesen...ospatutakoak besteak beste.


2014.urtean, Nafar Parlamentuak, aldeko bozketa baten bidez, Vascuencearen legean aldaketa bat egin eta euskaraz ikasteko eskubidea lurralde osora zabaltzea onartu zuen. Horrek urteetako diskriminazio mota batekin hausteko aukera administratiboa eman digu zalantzarik gabe. Bidea luzea bada ere, urrats inportantea da Nafarroarentzat.

Alta, bide horretan emandako pausoak ospatzekoak direla uste dugu Sortzen elkartean. Nahiko begiratzen diegu beti aspektu negatiboei. Ezin ahaztu ditugu utzitako izerdiak euskararen zabaltze lanean eta berauek aitortu eta eskertu behar direlakoan gaude.

Egoera honetan ezin gara atzean geratu. Ezin diogu iraganari etengabean begiratu. Orain erronka berri bat dugu. Euskararen hedapena Nafarroa osoan, ikasgeletan, plazetan edota lantegietan. Euskarak bide lagun izanen duen lege berri bat beharko du ezpairik gabe. Herritarrok auzolanean bidea ereiten segitu behar dugu, Euskarari leiho berriak zabaltzen. Horrexegatik, "Euskaraz bizi eta ikasi JAIA" BESARKATU EKIMENEAN bilakatzea da gure proposamena. Ikasteko eskubidea aldarrikatzetik, Euskarari herriko atea irekitzen dieten horiek besarkatzera pasa behar dugulakoan gaude. Eta horretara dator gure ekimena.


HELBURUA, ESKERTZEA:
Vascuencearen Legearen horman pitzadura berri bat ireki duten herriak eskertzea, euskararentzat bide berriak jorratzen ari baitira Nafarroako zonalde diskriminatuan. Horregatik ere, zoriondu nahi ditugu famili hauek. Euskararen aldeko ekimena: Ekimen ezberdin eta parte hartzailea izatea da helburua.


NOLAKOA izanen da ekimena?

∙ Egunaren hasiera goizeko 10.30ean izanen da:
Txokolate beroa
Haurrentzako txokoak: aurpegiak margotzeko, puzgarriak, eskulanak.
Abesbatzak herritik buelta emanen du
Fanfarreak eta txarangak.
.Besarkadaren ondoren, hamaiketakoa

Ekimenaren erdigunea, 12:30etan eginen den Besarkada erraldoia da . Herriko plazan elkartu eta aurkezlezuzendari baten gidaritzapean, jende haina borobil eginen ditugu elkarri besarkatuta. Lan hauek burutzen ZURIÑE HIDALGO izanen dugu, Hesian taldeko abeslaria. Tafalla, Lodosa eta Kaparrosoko D ereduko familiez gain, D ereduan, Nafarroako zonalde diskriminatuan izena eman duten beste herrietako familiak ere egonen dira, baita Zudaire, Lezaun eta Abarzuzako familiak ere (ikasturte hasieratik D eredua beraien eskoletan dutenak). Aparte, euskararen aldeko eragile zein Hezkuntza Komunitateko eragileen ordezkariek ere hartuko dute parte. Lurrean izanen ditugun borobil arrastoak betetzea izanen da helburua. Behin horiek jendez eta elkarteenalderdiensindikatuen ordezkariez beteta daudenean, gidariak altxaferoa bota eta elkar besarkatuko dugu. Musikak eztanda eginen du konfeti eta algara artean.


Ekimen honetan partehartzeko gonbidapena bidali nahi dizuegu. Horretarako, gurekin harremanetan jartzeko bidea hauxe duzue: nafarroaeuskara@sortzen.eus edota 673 112 932 telefonoan.

BESARKATU EKIMENA

Bideoak