Albisteak

2016. urtean ere, ebaluazio sistema honi ez! Guk Gure Eskola !

2016-04-26

Duela urte bete, LOMCEren aurka ahotsa altxatu eta ozen eta argi esan genion ezetz, inposatu nahi diguten eredu atzerakoi eta merkantilista horren aurrean guk gure hezkuntza eredua eraiki nahi dugulako. Lehen hezkuntzako 3. mailako guraso askok, LOMCEk ezartzen duen kanpo probarekiko desadostasuna sinatu zuten, mila sinadura baino gehiago ebaluazio sistema honi ezezkoa emanez, eta Nafarroako departamendura gure aldarrikapena eraman, Kontzentrazio zaratatsua burutu eta instantzia horiek aurkeztu genituen. PLANTO EGIN genuen.

Aurten, panorama politikoa aldatu da Nafarroan zein Madrilen eta horrek bere eragina izan du gure hezkuntza sisteman. Sortzenek  ikasturte hasieran, “Nafarroatik, Eskola Publiko Berria sortzen” dokumentua aurkeztu zuen, egoera politiko berriari egokitu nahian, eta guk nahi dugun eskola lortzeko bidea marrazten jarraitzeko helburuarekin. Dokumentu horretan, eskola publiko berriaren ezaugarriak zerrendatu genituen: parte-hartzailea, inklusiboa, … Orain, errealitateak emandako zaplastekoak guzti hau ezabatu nahi du.

 

  • Nafarroako Hezkuntza Departamenduak iragarri duenez, ez, ez dira LOMCEk ezartzen dituen kanpo-probak egingo. Zorionak! Lortu dugu! Inposizioa gelditu dugu! Zentzugabekeriari buelta eman diogu!. Orduan, LOMCEren mehatxua ez baldin badugu, zergatik erortzen gara LOMCEk bultzatzen zituen akats berdinetan?. Zergatik jartzen dizkiegu azterketak ikasleei, hezkuntza sistema bera denean ebaluazioaren xedea?. Zergatik ez dugu benetako balorazio bat egiten, integrala, Hezkuntza Komunitate osoaren artean?. Oker dabiltza! Azterketa hauetatik lortuko diren emaitzek, zer esango digute?. Zeren isla zango dira?. Esango al digu zer da gure eskoletan aldatu behar duguna kalitatezko hezkuntza lortzeko?. Ez al da hau izango “LOMCE a la navarra” delako hori? Zalantza gehiegi, ezta?.

 

Sortzen Elkartetik hori da egiten dugun proposamena. Nafarroako Hezkuntza Sistemak ebaluazio bat behar du, azken urteetan UPNren Gobernuek egindako sarraskiak gelditzeko moduari bidea eman behar diogu eta. Baina Hezkuntza Komunitate osoak egindako balorazio integrala izan behar du. Gure ustez, LOMCE ez da izan, azken urteetan, Nafarroako eskola publikoak izan duen etsai bakarra; hor egon dira ere murrizketak, irakasleen lan-kargaren handitzea, D ereduaren kontrako eraso politikoak, azpiegituretan inbertsio eza, ratioak geroz eta altuagoak, hizkuntzen arteko talka-interesatuak, …. Azken finean, “10 arrazoi” dokumentuan, azken bi arrazoietan planteatzen ditugun parametroetan oinarritutako ebaluazio baten beharra ikusten dugu:

 

- Ikastetxeen hezkuntza komunitatea ebaluazio agentea izanen da eta kanpoko agenteek (ikuskaritza, ...) aholkularitza lana izanen duena.

- Hezkuntza kalitatean eragiten duten alderdi guztiak (ikastetxearen antolakuntza alderdiak, …)kontuan izanen dituena eta gela barruan zein kanpoan gertatzen diren prozesuetan oinarrituko dena.

- Ikastetxeen sailkapena helburu ez duena.

- Eta prozesu horren bukaeran ateratako ondorioak irakasleen formakuntza-plana gidatuko

duena eta ondoren planteatzen diren alderdien inguruan hausnarketa sustatuko duena:

ratioak, irakasleen lan baldintzak, familien parte-hartzea ebaluazioan, geletan erabilitako metodologiak, curriculuma, eskolen eta espazioen antolaketa, eta orokorrean gure seme-alaben hezkuntzan eragina duten alderdi guztiak.

 

Guzti honengatik, ikastetxez ikastetxe, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan planteatzen diren azterketa hauekiko desadostasuna adierazi nahi dugu. Desadostasun hau, ikastetxez ikastetxe, adierazteko planteatuko diren ekimenekin bat egingo dugu, zalantza izpirik izan gabe. Eta Hezkuntza Departamenduari hautatu duen bidearekin bat egiten ez dugula jakinarazi nahi diogu. Lehen aipatu dugun bezala, zoriontzekoa da LOMCE legea ez betetzeko hartu duten erabakia, baina “partxeatzen” ibiltzeko garaia ez da hau, Hezkuntza-politika berriena baizik. Nafarroako Hezkuntza Sistemaren ebaluazio integral baten alde.