Albisteak

ESKOLHARRIA, BIHARKO HERRIA. Hernani.

2016-05-23

Duela 25 urte, Euskal Herriko ikastola eta Eskola publikoetako guraso zein irakaslez osatutako talde batek EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN ALDEKO MUGIMENDUA sortu zuen. SORTZEN mugimendua hain zuzen ere. Gure sorrera.

Gaurko berbaldia prestatzen hasi ginenean, urte hartan Hernaniko kongresuan adostutako dokumentuari begira jarri ginen. Bertan, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAK EUSKAL HERRIAN izan behar dituen ezinbesteko ezaugarriak jaso zituzten. Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema behar zuela argi esan zuten eta sistema horren muinean EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIA eraiki behar zela.

Hasiera batean, han idatzitakoa irakurtzerakoan tristura punttu bat sentitu genuen. Mende laurden bat pasa da, eta oraindik ez dugu aldarrikatzen genuen Hezkuntza Sistema propioa lortu, ezta irudikatzen genuen eskola-eredua ere, pentsatu nuen.

Baina 25 urte horietan gauza asko egin direla ukaezina da. Pausu txikiak eta handiak eman dira bai SORTZEN ELKARTETIK zein hezkuntza mugimendutik ere. MugaHarri txikiak jarri ditugu.

Sortzenek, hezkuntza-sistema propio eta eskola-eredu horren norabidean, hainbat proiektu jarri ditu martxan. Hainbat eskolatan dinamikak, proiektuak eta materialak sortu ditu. Izkinaz izkina, eskola berri eta parte hartzaile baten bidean dinamika andana piztu ditu Sortzenek.

Euskal Herria herri bizia da ere eta herri-ekimenetan zein gizarte sareen osaketan historia aberatsa dauka. Gure herriak behar duen hezkuntza-sistemaren eraikuntzarako ekarpen garrantzitsuak egin dira Hezkuntza-komunitatea osatzen dugun eragileon eskutik, besteak beste: Euskal Curriculumaren definizioa, Oinarrizko Hezkuntza Akordioa edota LOMCEri aurre egin eta gure hezkuntzasistema gorpuzten hasteko gida, …

Batzuetan pausu txikiak dira eguneroko martxa, koiunturako titular handien atzean ezkutatuak geratzen diren arren. Beste batzuetan handiagoak, baina orain dela 25 urte eta gaur egun aldarrikatzen dugun EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRI horretarako bidea osatzen doazenak, aurrera pausuak dira zalantzarik gabe. Hau guztia gainetik zerrendatuta, norbaiti, hala ere, burura etor dakioke ez dela nahikoa izan. 25 urteetan gauza asko egin bai baina Euskal eskola publikoak antzeko darraiela.

Gure iritziz ordea, ez da horrela. Hezkuntza sistema jendartearen sorlekua da. Sistema bizia da; egoera, ingurua, kultura eta pertsonen artean, etengabeko bibrazioan dagoena. Eta hezkuntza komunitateak egoera horien aurrean formulak bilatzen ditu egunero. Irakasleetatik hasi gurasoetaraino. Eta hor, bidelagun, 25 urtez Sortzen egon da. Dinamika txikietatik, handienetara.

Bidea ez da erraza izan ezta izango ere. Aldiro: inposatutako lege berriak, dekretuak, murrizketak, …., hainbat eraso jasan ditu hezkuntza komunitateak. Hego Euskal Herriko administrazioek ez diote biderik eman nahi EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAri. Izan ere, alderantzizko norabidean ari dira tiraka.

Horren adibidea da, gaur egun indarrean dugun hizkuntza-ereduen sistema gainditu  eta murgiltze ereduaren aldeko apustu irmoa egin ez izana. Hori baino gehiago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sailak, sistema hau blindatu eta sabai gisa ezartzea sinatu zuen Madriden, gero LOMCEren kontrako lorpen bezala saldu nahi izan digularik. Aurpegia behar da.

Eta Nafarroan zer esanik ez. D ereduko haur eskolen afera dugu mahai gainean, zonalde diskriminatuan D ereduko gelak itxiko dituztenaren mehatxua,.. Eta nahiz eta aldaketari zirrikitu bat ireki, Vascuence lege lotsagarria ere indarrean dirau eta euskaraz bizi eta ikasteko zailtasunak jartzen dizkigu.

Gasteizen Heziberri egitasmoa abiatu zuten. LOMCE edo kanpotik ezarritako beste edozein lege saihestu egingo zuela esan zuten, baina ez da horrela izan. Heziberrik LOMCEk ezarritako gakoak jaso eta arau bilakatu ditu, ebaluazio-sistema horietako garrantzitsuena.

Gaur egun, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan lege arrotzak aplikatzen ari dira, ratioak handitzen ari dira, murrizketak egiten ari dira, behin eta berriz nahi ez dugun ebaluazio sistema bat ezartzen ari dira, adostu gabeko eta bururik gabe sortutako makro zentroak zabaldu dituzte,… Asko dira adibideak... Eta lehenago aipatu bezala, nolako Hezkuntza, halako jendartea.

 

Guk bestelako jendartea ikusi nahi dugu etorkizunean. Eskola publiko berri bat. Horretarako, Euskal Hezkuntza-sistemaren eraikuntza bermatuko duen marko legal propioa ezinbestekoa dugu. Gure errealitatetik eta beharretatik egina, DENON parte hartzea bermatuz eraikia: irakasle, familia, eskola, herri, instituzio, eragile, …. Hori izanen baita etorkizuneko jendarte eredu, justu orekatu eta anitza bermatuko duen bide bakarra. Hezkuntza sistema propioa.

SORTZEN ELKARTEAK, gaur hemen, duela 25 urte planteatutako helburuetan berretsi eta EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAren lorpenean lan eta ahaleginak biderkatzeko konpromisoa hartzen du. Hausnarketa eta ekimenak bultzatzeko konpromisoa, eragile ezberdinekin zubiak eraikitzekoa.

Elkarrekin ekinez egoera iraultzea posible dela sinistuta gaude; Harriak batuz, mugarriak jarri. Eskola berria eraiki, eskolHarria, BIHARKO HERRIA! Ez da amets bat daukaguna beharra eta premia baizik baina amestuz ere irudikatzen ditugu utopiak lortzeko bideak.

ERAIKI DEZAGUN, BERAZ, EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIA ETA HERRITARRA