Albisteak

Zer erabaki zen Nafarroako Elkargunean?

2016-11-10

Nafarroako 2016ko azaroko Elkarguneko kronika:

Azaroaren 5ean Nafarroako Sortzenen Elkargunea burutu zen Sanduzelai eskolan ikasturteari begira hainbat erabaki kolektiboki hartzeko helburuarekin. Bertara, guraso eta hezitzaileak hurbildu ziren herrialdeko txoko aunitzetatik. Errepresentazioa eta parte-hartzea anitza izen zen, elkartutakoak 15 ikastetxe ezberdinetako hezkuntza komunitateen parte baitziren.

Hartu beharreko erabakiak hiru multzotan banatu ziren: Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia, LOMCE eta Hezkuntza Burujabetza, eta hezkuntzari lotutako Sortzenen proiektuak.

Jaia Iruñean izango da berriz ere; hiriko kokaleku berri baten alde apustua eginez! Hala ere, aldaketak izango dira hau prestatzeko prozesuan. Ikastetxe batek prestatu ordez ikastetxe guztien artean antolatuko da, auzolanean, bolondresekin 5 lantalde osatuz: hezkuntza, komunikazioa, azpiegitura, ekonomia eta jarduerak. Gainera, hezkuntzari lotutako edukia handitzea erabaki zen, ekimen berrietarako hamaika ideia proposatu zirelarik. Lantaldeak osatzeko bazkideen parte-hartzea beharrezkoa denez, gogotsu dagoen edonor Sortzenekin kontaktuan jartzera animatzen dugu.

LOMCEri dagokionez, hau martxan da Nafarroa Garaian. Horren aurrean, LOMCE eta hezkuntza esparruko gainontzeko inposaketekiko ezetza ber-hartu eta gure eredua erabakitzeko Hezkuntza Burujabetza kalean aldarrikatzeko eta ikastetxez ikastetxe bultzatzeko hautua hartu zen. Horretarako, ahalik eta eragile gehienekin adostasun zabaletara heldu eta martxan jartzea erabaki zen.

Ondoren, 5 proiektu mahai gainean jarri eta lehentasunen arabera ordenatu ziren kolektiboki, lehentasun gehienetik gutxienera hala geratuz: Hezkidetza, Aniztasun Kulturala, Eskola Jantokiak, Guraso Elkarteentzako Gida eta Kultura Herritarra. Beste hainbat proiektu eta ideia proposatu ziren ere, euskararen erabilerari lotutakoak artean.

Bukatzeko, Elkargunearen inguruko balorazioa egin eta hamaiketako goxo batez gozatu zuten bertaratutakoek.