Albisteak

Alde Zaharreko haur eskola euskaraz! Mobilizazioak Iruñean

2016-11-23

Prentsaurrekoa eskaini berri du Iruñeko Euskalgintzak, Alde Zaharreko haur eskolan euskarari bidea eman dezaten eskatuz. Sinadura eta atxikimendu bilketa kanpaina abiatu dute, eragileen artean zein merkatarien artean; bestalde, abenduaren 13an Giza-Katea antolatu dute.

Sortzen Elkartea honen parte gara eta bat egiten dugu familien eskakizun honekin. Gurekin batera, Iruñerriko euskalgintzako eragileak eta zenbait sindikatu. Hona hemen, prentsaurrekoan irakurritako testua.

Iruñeko euskalgintzaren izenean, Garikoitz Torregrosa:

Arratsalde on eta eskerrik asko egin dizuegun deialdira etortzeagatik. Gaur San Frantzisko eskolako atarira deitu zaiuztegu, esku artean dugun dinamikari hemen eta orain ekingo baitiogu. Elkarrekin lanean ari gara Alde Zaharreko bizilagunak, Iruñeko Euskalgintza, ELA, LAB, STEILAS eta Sasoia.

Iruñean urteak daramatzagu haur eskolak euskaraz nahi eta behar ditugula aldarrikatzen. Urtetako lanari esker eta jende andanaren bultzadari esker, ikasturte honetan Iruñeko Udalak 2 eskolatara zabaldu du euskarazko eskaintza, Donibanera eta Arrosadiara. Iruindarrei euren txikiak elebidunak izateko aukera eskaini eta hizkuntza bazterkeriari amaiera ematen hasteko urrats txalogarria eman zuen Udalak. Baina lehen urrats gisa ulertzen dugu, hizkuntza-eskubideen urraketak badirauelako eta Nafarrokoa den hizkuntza propioa jakitea ukatzea, herritarrei etorkizunean lan eta harreman aukerak ukatzea delako. Alegia, injustiziak badirau. Instituzioek ezin dute gizarte desberdintasun hori elikatu. Norbaitek ulertuko luke instituzioek herritar batzuei euren haurrek matematika jakiteko aukera ematea eta besteei hori ukatzea? Bada, hori gertatzen da euskara jakiteko aukera herritarrei ukatzen zaienean. Gizarte desberdintasunean sakontzen da. Lan handia dugu aurretik, beraz, auzo guztietan euskaraz ikasteko aukera lortzeko, eleanitza izateko aukera lortzeko eta ondorioz, etorkizunean aukera berdintasuna izatera iristeko.

Bide horretan urratsak ematen jarraitzea ezinbestekoa da. Eta gaur Alde Zaharrean gaude, Alde Zaharreko auzotarrek hemen haur eskola euskaraz nahi dutelako. Bide horretan euskararen herri mugimenduaren , sindikatuen eta bestelako eragileen laguntza izanen dute. Besterik gabe, Alde Zaharreko auzotarrek hemengo egoeraren berri emanen dizuete.

Alde Zaharreko familien izenean, Joseba Beramendi:

Auzoan aspaldiko aldarrikapena izan da haur eskola euskaldunarena. Dakizuen bezala, hemengo haur eskola Nafarroako Gobernuaren eskumenekoa da, Iruñean dauden beste 4 haur eskolekin batera. Eta azpimarratu nahiko genuke, Gobernuak dituen 5 haur eskola horietako bakar batean ere ez duela euskarazko eskaintzarik egiten. Benetan larria eta salagarria iruditzen zaigu honakoa, Gobernu aldaketa egon denetik ez baita alor honetan aldaketarik eman. Alegia, UPNk eskaintzen zuen berdinarekin jarraitzen du Nafarroako Gobernu berriak.

2011an hasi ginen mobilizazioekin eta "Alde Zaharrean haur eskola euskaraz" plataforma sortu genuen. Gogoan izanen dituzue eman genuen hainbat urrats: gurasoen eskaera bilketa, sinadura bilketa, silleta kalejira, agerraldiak parlamentuan, harremanak alderdiekin... Eta UPNren erantzuna itxikeria eta beste alde batera begiratzea izan zen. Alde Zaharrean haur eskola euskaraz nahi eta behar dugula bistakoa da. San Frantzisko eskolako D ereduko matrikulazio datuek ozen hitz egiten dute. Zeren zain dago Nafarroako Gobernua aldaketa emateko? Martxoan Parlamentuko Hezkuntza Batzordean gai hau landu genuen eta interpelazio zuzena egin genien alderdiei gure auzoan haur eskola euskaraz izan dadin. Arartekoarekin ere izan ginen ekainean eta beste zenbait urrats ere eman dugu, baina gaur gaurkoz ez dugu aldaketarik ikusten. Ez gaude prest injustizia honekin jarraitzeko eta mobilizazioei ekingo diogu gaurtik hasita.

Sasoia elkartearen izenean, Blanca Unzu:

Honakoa da egunotan aurrera eramango duguna:

- Sinadura bilketa

     Azaroak 21 eta 24an, 17:00etan San Frantzisko eskolan

     Azaroak 29, San Saturnino egunean 11:30etik 13:30era Mercaderesen

     Egoitza hauetan modu iraunkorrean ematen ahalko da sinadura: Campion euskaltegia (Comedias kalea), Iruñezar
euskaltegia (Errekoletak) eta Karrikiri euskal denda (Xabier karrika)

- Erakundeen atxikimendu bilketa:

     Eragileekin harremanetan ari gara atxikimenduak biltzeko. Internet bidez ere egin daiteke,  emanbidea.blogspot.com.es helbidean

- Merkatari eta ostalarien atxikimendu bilketa eta euskarrien banaketa:

     Azaroaren 17tik 24ra boluntarioek bisitak eginen dituzte atxikimendua eskatuz eta beraien lokaletan aldarrikapenaren irudia den euskarria banatuz.

- ABENDUAK 13, JENDEKATEA

     Abenduak 13, asteartea 17:00etan Ntra Sra de Los Ángeles haur eskolatik (Descalzos kalea) Parlamentura jende katea eginen dugu kanpainan zehar jasotako sinadurak eta atxikimenduak Parlamentura eramateko.
Elektrotatxungak irekiko digu bidea.

 

Herritarrak ekimenean parte hartzera eta aldaketan eragile izatera animatzen ditugu. Animo, erronka ederra dugu eta esku artean!!

Alde Zaharreko haur eskola euskaraz! Mobilizazioak Iruñean

Bideoak