Albisteak

Badira 30 urte … denbora ihesi doa ! (iritzia)

2016-12-09

Irudimen ariketa bat proposatuz hasiko dugu iritzi artikulu hau: imajina dezagun, segundo batez, orain dela 30 urte Nafarroako Parlamentuan onartu zen Vascuencearen Legean, zonifikazioa ez zela agertzen, euskara eta gaztelania, ofizialak izendatu zirela Nafarroa osorako, alegia. Zer moduz? Ze sentsazio? Ezberdina litzateke panorama?

Baina, abestiak esaten duen bezala: “maitia, denbora ihesi doa!”. Eta egun hauetan 30 urte beteko dira Vascuencearen Legea onartu zutenetik, zonifikazio eta guzti. Hizkuntza- eskubideen urraketa legeztatu zuten, eta urte guzti horietan, dekretuz dekretu, nafarren eskubideak  jaioterriaren arabera sailkatu dituzte. Beste batzuek “Napartheid” ezizena asmatu zuten egoera hau deskribatzeko.

Garai horietako agintariek bazekiten itsasoari aterik ezin zaiola jarri, baina euskara legez arautu, debekatu edota laguntza ukatu ahal zutela, bazekiten; eta  guzti hori egin zuten.

Sinestezina benetan, Nafarroak duen berezko hizkuntza ezkutatzeko, eta Nafarroako hegoaldetik desagerrarazteko, egin duten saiakera. Bestalde, txalogarria, eredugarria, Nafarroako zonalde diskriminatu horretan ikastolak ireki zituzten familiek egindako lana, AEKn irakasten eta ikasten ibilitakoena, beraien seme-alabak eremu mistoko D ereduko ikastetxeetara eraman dituzten familien determinazioa, edota azken urte honetan Tafallako, Lodosako eta Kaparrosoko eskola publikoetan D ereduan izena eman dutenena. Zuek argia zarete, euskararen kontrako garai ilunetan bidea argitu diguzue.

Gogoratu behar dugu, Nafarroako lehengo Administrazioak euskararen kontrako plangintza zehatza izan duela, eta bereziki Hezkuntza Departamendutik, bide ezberdinak jorratu dituztela: Hegoaldean euskarazko hezkuntzari aukerak itxi, D ereduaren kontrako intoxikazio kanpainak, PAI-iruzurraren inposizioa zonalde horretan “ingelesa vs euskara” bultzatu nahian, euskarazko murgiltze ereduari etengabeko oztopoak, … Euskararen kontra Nafarroako Administraziotik egon den bultzada politikoa gogora ekartzeko garaia da, arduradun politiko zehatzak egon baitira.

Eta nafarren eskubideak urratu izan dituen hizkuntz-politika horrek Nafarroako Hezkuntza- Sisteman ere ondorioak izan ditu, gaur oraindik pairatzen ditugun ondorioak, alegia. Bestela, nola ulertu, 2016. urtean, Nafarroako hizkuntza ofizialak jakitea bermatzen duen eredu bakarra gure lurralde osoko ikastetxeetan ez egotea? Zergatik Hezkuntza Departamenduak ez du eleaniztasuna bermatzen duen ereduaren aldeko kanpaina egiten? Zergatik bertako hizkuntza jakiteak ez du gehiago puntuatzen enplegu publikoetako oposizioetan?  Nahiz eta aldaketa politikoa eman, zergatik mantentzen da nafarren hizkuntza-eskubideak bereizten dituen zonifikazio madarikatu hori ?

Euskaldunok ez gara bigarren mailako biztanleak, gure seme-alabak ez dira bigarren mailako ikasleak, … ikasle euskaldun eleaniztunak dira, hiru hizkuntzetan, gutxienez, egunero murgiltzen direnak, Nafarroako XXI. mendeko biztanleak. Horregatik nahi ditugu beste hizkuntzetako hiztunen eskubide berberak eta lurralde osoan . Horretarako, lege-marko berria behar dugu, egoera irauliko duen berme juridikoa behar dugu. Euskararen ofizialtasunak ez duela garapen bera Donezteben, Arrotxapean edota Faltzesen edukiko, hori argi dago; baina argi dugu ere, euskara bertan ofiziala izan gabe, bertako biztanleen eskubideak berdinak ez direla izango; nork abestuko dio lorezainak ureztatzen ez duen loreari?.

Beraz, 31.ena ezetz? Haizea behar dugu bizitzeko, argia eta ura ere behar ditugu. Leihoak ireki eta haize garbia sar dadila, harresiaren pitzaduretatik ateratzen diren ur txorrotak erreka bihurtzen diren bitartean. Erabil ditzagun poesiak eskaintzen dizkigun irudi guztiak, behin eta berriro, entzun nahi ez duenak entzun dezan, eta ikusi nahi ez duenak ikus dezan: Euskara, denona da, Nafarroa ulertzeko beste modurik ez dago eta.

Sortzen Elkartea

2016ko abendua