Albisteak

Sortzenen jaia Iruñera itzuliko da maiatzaren 21ean IkasKiloren ametsarekin

2016-12-20

Iruñera bueltatuko da Sortzen Elkartearen jaia 2017ko maiatzaren 21ean, sorpresaz beteta. Jaiaren pertsonaia aurkeztu du Sortzenek Iruñeko Gaztelu Enparantzan egindako agerraldian: IkasKilo, hezkuntza komunitateko barraskiloa. Eta, pertsonaiarekin batera, bere ametsa: Auzo Bizi Onaren Eskola eta Hezkuntza Burujabetza. Hezkuntzaren inguruko eztabaida berriak sustatu nahi ditu elkarteak jaiaren bidez.

Jaia antolatzeko ardura ez du, aurreko urteetan egin den moduan, ikastetxe batek hartuko. Eskola guztien artean antolatuko da auzolanean (oharra: lan taldeetan izena eman nahi baduzu, klik egin ezazu), boluntarioak 4 lantaldeetan banatuz.

IkasKilok hezkuntza du bihotzean, eta gogoan eredu berri bat. Horrenbeste du hezkuntza maite, bere gainean etxetzat hezigunea daramala. Ibilera motela du, atzean inor ez uzteko konpromisoa duelako. Eta, motel joateak ere, bide luzeak egiten ahalbideratzen diolako, urrats txikiak emanez gauza handi eta ederrak lortuz. Hezkuntza burujabetzan oinarritutako amets bat dauka:

Auzo Bizi Onaren Eskola

  • Slow Eskola: Ikasleen garapen beharrak errespetatu eta elikatzeko norbanakoari egokitutako erritmoa duen hezkuntza eredua, inor bazterrean utziko ez duelarik. Bertako elikadura natural eta osasuntsuaren bidez jangelek hezigune funtzioa dutena, pertsonen artean, elikagaiekin zein ekoizleekin harremanak landuz.

  • Eleanitza: Ikasle euskahaldunak sortuko dituen hezkuntza eredua, hezkuntza komunitatearen zein ingurune soziolinguistikoaren aniztasuna oinarri duena.

  • AberAniztasuna: Ikasleen aniztasuna aberastasuna izanik pertsonen izaera kolektiboaren ezaugarria da eta, ondorioz, aniztasuna zaindu, elikatu eta elkar-aberastuko duena.

  • NiZuGutzailea: Ikasleek dituzten norbanako nortasun zein nortasun kolektibo ezberdin guztien ezagutza eta errespetua bultzatuko duena, enpatia sortuz eta begirunezko harremanak sustatuz.

  • SorBizitzailea: Pertsonaren garapenerako konpetentzien jabetza ezinbestekoa izanik, sortzailetasunaren eta modu libre zein bibentzialaren bidez heziketa bultzatuko duena.

  • Adimozionala: Autoestimua eta harreman sozial zein afektibo osasuntsuak garatu ahal izateko emozioak ezagutzea, ulertzea eta kudeatzen ikastea bultzatuko duena.

  • AuzoEskoLan: Hezkuntza ez dagokio soilik eskolari, familiak eta herriak ere ardura eta funtzio garrantzitsua izanik, herria bera hezi-gunea bilakatuz, guztien parte-hartze aktiboa bilatuko duena.

  • Hezigune Sarea: Auzo Bizi Onaren eskolek behar duten garapen kultural, pedagogiko eta sozialerako interes komunen arabera elkarlanerako saretuko dira, saretze hauek Euskal Herri mailako sistema propio baten abiapuntua izango direlarik.

  • Hezkuntza Burujabetza: Auzo Bizi Onaren eskola garatu dadin ikastetxean bertan hezkuntza proiektuaren, curriculumaren eta baliabideen erabaki eta kudeatze ahalmen handia behar da, eta hor kokatzen da hain zuzen burujabetzaren iturburua, behetik gora eta txikitik handira egituratuko litzatekeena.

 

Iruñean, 2016ko abenduaren 20ean