Albisteak

'Sakana Herri Eskolekin sortzen' jaia apirilaren 1ean eginen da Lakuntzan «Hazi eta hezi, euskaraz bizi» lelopean

2017-01-31

Jaia bigarren urtez hartzen duen lehen herria da Lakuntza. Ikastetxearen eta herriaren arteko harremana indartu eta gerturatzeko helburuarekin kalera aterako gara eskolak dituen bertute eta aberastasun guztiak erakutsiz.

2010-11 ikasturtean abiatu genuen Sakanako Herri Eskolen jaia bilakatu den Festa, eta helburu zehatz batzuei lotuta sortu genuen jai hau:

  • Sakanan sare publikoan euskal hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeak ezagutzera eman, herrietara atera eta herritarrekin elkarlanean balorean jarriz.
  • Sakanako herri eskola ezberdinen hezkuntza komunitateen arteko harremana sustatu eta estutu.
  • Eskualde komunitate gisa, elkartu eta jai giroan egun polit bat igarotzea.

Jaiaren lehen ospakizun hartatik hona, urtez-urte etengabeko hobekuntzak ezarri ditugu: bai antolakuntzari dagokionez zein jaiaren eskaintzari begira.

Horren adibidea gisa, hasieran Guraso Elkarteek jaiaren antolatzearen ardura osoa bazuten ere, egun herriko hezkuntza komunitate osoak parte hartzera igaro garela da. Guraso Elkarte, ikastetxeetako Zuzendaritza eta herrietako Udalak.

Edo eta, jaia antolatzea zein eskolari dagokion erabakitzeko adostu genuen eredua.

5 txandatako zikloa ezarriz: Eskola handietarako bana: Atakondoa, Luis Fuentes, San Donato eta Zelandi. Eta beste txanda bat landa eskoletarako: San Miguel, Arbizu, Arrano Beltza, Urdiain eta Domingo Bados eskolak. Landa eskolen txanda bosten artean erabakiz zein eskola antolatu, eta elkarlanean garatuz.

Hala ere, jaiaren zutabe nagusia tailerrak izaten jarraitzen dute. Guraso Elkarte bakoitzak tailer bat antolatzen du haurrei begira eta zuzendaritza bakoitza bere eskolako tailerra apaintzeaz arduratzen da. Hortik aurrera, jaia antolatzea egokitu zaion eskolak egitarau oso bat prestatzen du.

Datorren apirilaren 1ean ospatuko dugu Sakanako D ereduaren ikastetxeekin elkarlanean egindako festa. Festa honek bere leloa badu: HAZI ETA HEZI, EUSKARAZ BIZI. Ikastetxeari eskainitako abestia oinarri hartuta sortutako leloa hain zuzen ere. Eta honekin batera irudi bat egin nahi izan diogu. Horretarako eskolako haur guztien parte-hartzea izan dugu denek marrazki bana egin zutelarik. Herriko 3 artistek osatutako epaimahaiak erabaki zuen zein izanen zen aukeratutakoa eta gaur, hemen aurkezten dizuegu. LHko lehen mailako ikasle batek egindakoa, 6 urteko ikasle batena hain zuzen.

Antolaketa guzti honetan ezin dugu Lakuntzako Udalaren izena aipatu gabe utzi. Hasiera hasieratik erakutsi digu bere elkarlana eta hemendik eskertu egin nahiko genuke.

Egun osoko jaia izanen da, famili giroko jaia. Goizean zehar ikastetxe guztietako tailerrak izanen ditugu, ondoren bazkaria egonen da eta arratsaldean ikuskizun eta dantzaldiak hartuko dute lekukoa. Baina hau ardatza besterik ez da izanen; ekintza eta sorpresa gehiago izanen dira eta. Horretarako lan talde ezberdinetan banatu gara antolaketa lanetan dihardugun guraso, irakasle eta udaleko ordezkariak. Eguna gerturatu ahala egitarau osoaren berri emanen dugu.

Beraz, zuen agendatan ongi apuntatu: Sakana Herri Eskolekin Sortzen Jaia, apirilaren 1an Lakuntzan ospatuko dugu aurten.

Eskerrik asko!