Albisteak

2017ko Aurrematrikulazio Kanpaina: “Ongi Etorri”

2017-02-01

Ohar honen bidez, Sortzen Elkartetik aurtengo aurre-matrikulazio kanpainan Nafarroan zabalduko dugun mezuaren  berri eman nahi dizuegu. “Ongi etorri” izanen da lelo nagusia, matrikulatuko direnei D ereduaren komunitatera ongi etorria emateko nahian, “gure aberastasuna eredu” azpi-leloarekin.

Urtero egiten ohi dugunez, alde batetik, informazio kanpaina propioa eginen dugu Sakana mailan, bertan gure elkarteak dituen ikastetxe bazkideekin batera. Parte hartze prozesu baten bidez Sakanako bazkide guztien artean erabaki ditugu lelo nagusia eta edukia, irudia zein euskarri motak. Esan dugun bezala, “ongi etorria” eman nahi diegu D eredua aukeratuko duten familia guztiei. Modu berean, Sakanako Herri Eskolek, ezaugarri hauek aukeratu dituzte nabarmentzeko: Kalitatea, elkarbizitza, euskara, publikoa eta pedagogia berritzailea. Euskarrietan, Anabel Arraiza (aktoresa, abeslaria, …) edota Floren Nazabal (aizkolari txapelduna), besteak beste, aurkituko dituzue.

Beste alde batetik, kanpaina orokorra burutuko dugu, D ereduaren alde, Nafarroa osoan. Gure komunitatearen hiru argazki hautatu ditugu euskarazko murgiltze eredua hautatu nahi dutenei ongi etorria emateko. Basaburuko Oihanzabal eskolako hezkuntza komunitatea, Antsoaingo Ezkaba eskolakoa eta Kaparrosoko eskolako D ereduko komunitatea agertuko dira, hain zuzen ere, aurtengo euskarrietan.

Era berean, ongi etorria eman nahi diegu kurtso honetan D eredua beraien herriko eskola publikoetan zabaltzea lortu duten Tafallako, Kaparrosoko eta Lodosako familiei. Eta berriz ere, pasa den urtean egin genuen bezala, Nafarroako zonalde diskriminatuan kanpaina berezia egingo dugu. Pasa den larunbatean hasi ginen, Tafallako eskolan, gurasoei zein txikiei zuzendutako Jolas Tailer batekin. Bertan, Euskaraz Mintza programan lantzen diren zenbait jolasetan murgildu ginen. Otsailaren 2an, Zarrakasteluko eskolan, D ereduaren inguruko informazio hitzaldia emango dugu. Eta otsailaren 8an, Erriberriko kultur etxean, egongo gara, Richard Weyndling kazetariarekin batera, helburu berberarekin. Beste alde batetik, eskuorriak eta kartelak zabalduko ditugu Nafarroako zonalde diskriminatuko beste herri batzuetan. Kasu hauetarako, eskuorrian, zonalde horretako gurasoek, “Nola matrikulatu euskaraz” atala aurkituko dute, inprimakietan D eredua eta bakoitzaren herriko eskolan nola aukeratu azaltzen duena.

Bukatzeko, atxikituta, Sakanako zein kanpaina orokorreko euskarriak aurkitzeaz gain, aurrematrikulazio kanpaina dela eta zabaldu nahi izan dugu iritzi artikulua aurkituko duzue. Sarean, http://sortzen.wixsite.com/modelod bloga ere baduzue, informazioa eta euskarriak lortzeko.

Mila esker eta ONGI ETORRI D eredura ! Gure aberastasuna, eredu.