Albisteak

Justizia kontu bat da: Iruñeko Haur Eskolak euskaraz!

2017-02-24

Euskarazko haur eskolen aurkako epaia, matrikulazioaren bezperan

Iruñeko bi haur eskolatan euskara ezartzearen kontrako helegitea onartu du epaile batek. Udalak dio ebazpenak ez duela matrikulazioa baldintzatuko, eta helegitea aurkeztuko du.

Berria egunkarian argitaratutakoa. Argazkia: Iñigo Uriz

Itxita zirudien auzia zabalik da berriro. Iruñeko Administrazio Auzietarako 2 zenbakiko epaitegiak ontzat jo du guraso talde batek iaz aurkeztutako helegitea, eta ebatzi du legez kontrakoa izan zela hiriburuko bi haur eskolatan —Donibanen eta Printzearen Harresian— euskarazko hezkuntza eskaintzeko erabakia. Albistea jakin orduko, helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuten Iruñeko Udaleko arduradun politikoek, epaiak oinarri juridikorik ez duela iritzita.

Atzo argitaratutako ebazpenean, epaileak zilegitasuna ukatzen dio Iruñeko Udalari haur eskolen hizkuntza eredua aldatzeko, konpetentzia hori Nafarroako Gobernuari dagokiola argudiatuta: «Berregituratzetik haratago doa erabaki hori. Hizkuntza eredua aldatzen da, eta hori ez da udalaren eskumena, erkidegoarena baizik, Foru Hobekuntzaren legetik eratortzen baita». Epaileak dio, gainera, legearen arabera pixkanaka gehitu behar dela euskara hezkuntza sisteman, eta «borondatezko» kontua izango dela betiere, «ikastetxeetan euskaraz ikasteko lerroak sortuz».

Hau ez da Donibane eta Printzearen Harresi ikastetxeen eredu aldaketaren aurkako lehen epaia: iaz, Iruñeko haur eskoletako matrikulazio kanpaina osoa bertan behera uzteko agindua eman zuen Administrazio Auzietarako 2 zenbakiko epaitegiak, «kautelazko neurri» gisa. Orduan, baina, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen epaia, eta matrikulazio kanpaina berrabiarazi zuen, Iruñeko Udalari arrazoia emanda.

Hain zuzen, 2016ko auziaren jarraipena da atzo azaleratu zena. Ebazpena jakinarazi eta ordu gutxira, agerraldia egin zuten Iruñeko alkate Joseba Asironek; Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kirola saileko zinegotzi Maider Belokik; eta Maria Victoria Borja udalaren aholkulari juridikoak. Sententzia espero zutela nabarmendu zuen Asironek: «Haur eskoletako euskarazko eskaintzaren kontra kautelazko neurriak ezarri zituen magistratu berak sinatu du hau ere».

Eskaintzan, eraginik ez

Iruñeko alkateak nabarmendu zuen epaiak kolokan jartzen duela «udalen autonomia»: «Legearen arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko genuke haur eskoletako postu kopurua edota ikastetxeen izena aldatzeko, baina, kasu honetan, ez da halakorik gertatu: hizkuntza eredua soilik aldatu genuen». Gainera, 0-3 zikloko heziketa udalek «borondatez» eskaintzen duten zerbitzua dela azpimarratu zuen Asironek: «Haur eskolen zerbitzua ez da derrigorrezkoa. Teorian, zerbitzua ez emateko aukera ere badugu. Beraz, bitxia da epaile batek esatea udalek ez dugula eskumenik borondatez eskaintzen dugun zerbitzu bat moldatzeko».

Atzoko epaiak, dena den, ez du inongo ondoriorik izanen haur eskolen eskaintza publikoan. Datozen egunetan aurkeztuko duten helegitea tramiterako onartuko ez balute ere, eragina ekonomikoa izanen litzateke soilik, udalak bere gain hartu beharko bailituzke eredu linguistikoen aldaketak kalte egin ziela froga dezaketen gurasoen kalte-ordainak. «Lasaitasun osoa izan dezakete, beraz, seme-alabak haur eskoletan matrikulatu dituzten gurasoek, eskaintza ez baita aldatuko, eta matrikulazioak berdin-berdin eginen baitu aurrera», esan zuen Asironek.

Bestalde, Iruñeko Euskalgintzak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek eta Sasoia elkarteak elkarretaratzea egin zuten atzo, epaiarengatik protesta egiteko. Haien irudiko, bi haur eskolatan euskarazko eredua ezartzeko erabakia ezinbestekoa izan zen, «iruindarrok urteetan pairatutako bazterketari konponbidea ematen hasteko».

JARRAIAN, Iruindarra blogean argitaratutakoa:

Haur eskolekin aurrerapausuak ematen segitzeko eskatu diote Iruñeko Udalari

Hamarnaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea babesteko eta emandako aurrerapausuekin jarraitzeko eskatu diote Iruñeko Udalari.

Iruñeko Udalak iazko ikasturtean euskarazko murgiltze eredua bi haur eskola gehiagotara hedatzeko erabakiaren kontra Antonio Sanchez epaileak harturiko erabakia larritzat jo du dute Udal Plazan bildutakoek. «Udalaren erabaki horrek duen balioa eta garrantzia azpimarratu nahi dugu. Izan ere, Nafarroako herritarrek bertako hizkuntza ezagutzeko duten eskubidearen bermean urrats esanguratsua izan zen. Hareago aintzat hartuz, urtetan iruindarrok 0-3an jasandako bazterketa injustu eta tamalgarriari buelta ematen hasteko egin duen ekarpena. Hemen bildu garenok Iruñeko Udalari norabide horretan erabakiak hartzen jarraitzeko gure eskaera eta babesa helarazi nahi dizkiogu», adierazi dute Asier Biurrunek eta Garbiñe Petriatik.

Iruñeko Euskalgintza, Hizkuntza-Eskubideen Behatokia, ELA, LAB, EILAS eta Sasioa taldeak ziren  elkarretaratzearen deitzaileak. Partehartzaileen artean Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa eta Dabid Anaut EH Bilduko parlamentariak zeuden.

«Urte luzez UPNren esku egon diren instituzioek beraiek jo izan dute euskaraz bizitzeko eskubidearen aurka. Orain, aldaketaren instituzioek eskubideen eta justizia sozialaren bermean ematen duten urrats oro judizialki katramilatzeko estrategia gaitzesgarria salatu nahi dugu», gaineratu dute.

«Herritarrak diskriminatu egiten ditu administrazioak euskaraz ikasteko aukera ukatzen dienean. Eta horrek desberdintasun sozialak erreproduzitzen ditu, batzuk besteek baino ezagutza gehiago eskuratzen dutelako. Nafarroako instituzioei, beraz, eskubideen bermerako erabaki sendoak hartzea exigitzen diegu. Babes juridiko egokia emanen digun legea barne», aldarrikatu dute.

Honekin batera, epai hau haur eskolen matrikulazioa garaian plazaratzea kasualitatea ez dela gaineratu dute. «Helburu argia dute: herritarren artean ezinegona sortzea, euskara zarata mediatikoarekin nahastea, azken batean herritarrak euskararengandik urruntzen saiatzea azken batean», esan dute.

Gauzak horrela, urtetan jende andanak egindako lanari esker aurten Iruñean haur eskolek euskaraz inoiz izan duten eskaintza zabalena dutela nabarmendu dute. Horregatik, martxoaren 1etik 15era bitartean euskaraz matrikulatzeko deia egin dute. Donibanen, Arrosadian, Arrotxapean, Txantrean, Alde Zaharrean eta Sanduzelain euskarazko haur eskolak daudela gogoratu dute.

Justizia kontu bat da: Iruñeko Haur Eskolak euskaraz!

Bideoak