Albisteak

Hezkuntza Burujabetza da bidea

2017-05-04

Izena, izana, historia, lana, elikadura, gorputza, hizkuntza, hezkuntza… Gutxiengo batek bere mesedetan nahi du dena, horretarako, lapurtuz; fondorik gabeko zakuak pilatzeko eta bere sistema birproduzitzeko. Desjabeturik nahi gaituzte, baita hezkuntzan ere. Burujabetu gaitezen, baita hezkuntzan ere.

Euskal Herritik kanpo erabaki, eta gero, inposatzen zaizkigun hezkuntza legeek sortzen diguten kalte larria iraultzeko premia larria dugu, eta, era berean, gure hezkuntza-eskubideak bermatuko dituen orube berria, behingoz eraikitzeko premia. Sortzen elkartetik ikasturte hasieran adierazi genuen, premia horiek kontutan, hezkuntza burujabetzaren norabidean kokatu behar genituela indarrak. Gure ustez gainera, hezkuntza-komunitate gisa, adostasunean eta elkarlanean, norabide horretan kokatu eta konprometitzeko aukera zabalik dago. Izan ere, hori baita modu bakarra gure iritziz, herri honen behar eta errealitatean oinarrituko den, eta gure hezkuntza-eskubideak (norbanakoenak eta kolektiboak) bermatuko dituen hezkuntza-eredu edota hezkuntza-sistemari bide emateko. Eta horretan gaude ikasturtea bukatzear gauden honetan ere.

Aurten ikusi dugu, LOMCE legearen ezarpena ia erabatekoa dela hego Euskal Herri osoan, Nafar zein Gasteizko gobernuen jarrera epelak hala ahalbidetu duelako, besteak beste, Heziberri dekretuen bidez edota “a la Navarra” aplikatuz gure ikastetxeetan. Eta hala egin da, hezkuntza-komunitatearen arrazoi eta aldarrikapenei entzungor eginda.

LOMCE ezarri zenetik, hezkuntza-komunitatea, hezkuntza eragileok tartean, lanean ari gara inposizio horren kontra, eta hamaika ekimen burutu ditugu bidean, gure argudioak gizarteratzeko, indarrak bildu eta aktibatzeko, aliantzak sortzeko… Hemengo administrazioek hezkuntza-komunitatearekin batera bide propioa urratzen hasteko eskaintza ere egin dugu, baina ez dute borondaterik izan eskaintza hori aintzat hartzeko. Aitzitik, LOMCE legearen helburuak betetzeko ezinbestekoa den errebalida bidezko ebaluazio-sistema osoa martxan dago, Nafarroa Garaia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; ikastetxeak behartuak daude aktak LOMCE legearen irizpideen arabera betetzera; argitaletxeek testuliburuak LOMCE-Heziberriren parametroetara egokitu dituzte dagoeneko... Hori (eta beste mila adibide) da errealitate gordina. Nahiz eta izandako erantzun mailak (bai Euskal Herrian zein estatu espainolean) espainiar gobernua behartu duen LOMCEren ezarpen egutegia gelditzera, legeak indarrean dirau, eta bere ondorioak jasaten ari dira gure ikastetxeak eta gure ikasleak batik bat.

Halere, ez dugu etsi borroka horretan, ez familiek, ez ikasleek ezta irakasle zein langileek, ezta hezkuntza eragileok ere. Aurten ere, hainbat hitzaldi, batzar zein mobilizazio arrakastatsu burutu dira, bai ikastetxe edo maila lokaletan, zein maila zabalagoetan, inposizioaren kontrako aldarria eta sektorekako aldarrikapenak hezkuntza-sistema propioaren beharrarekin batera ozen gizarteratuz.

Testuinguru horretan sartzen gara maiatzean, martxan diren errebaliden aurrean planto egiteko eta era zabalean mobilizatzeko deialdi berri batean murgilduta, aurreko ikasturteetako dinamikari eta konpromisoari jarraiki. Egiten ari garen lan guztiaren baitan kokatuta, sektore guztien aldarrikapen zehatzak zein orokorrak bere baitan jasota, orain emango dugun erantzunak garrantzi handia dauka etorkizunerako baldintza berriak sortzeari begira. Momentua inportantea da, hezkuntza burujabetzaren aldarria entzun arazteko, izan ere, aurrera begira, haizeak Madriletik dakarren hezkuntza-itun berri baten oihartzuna ez da albiste ona gure herriarentzako, ezta gure hezkuntzaren etorkizunerako ere. Urte luzeetako esperientziak argi erakusten digu hori.

Norabide berean arraun egitea dagokigu beraz, Euskal Herrian nahi eta behar dugun hezkuntza-ereduari, euskal eskola eredu berriari bide emango liokeen hezkuntza sistema-propioa eraikitzeko norabidean, hain zuzen ere. Eta ildo horretan, eta zain egon gabe, jadanik badira, ekimen interesgarriak: ebaluazio sistema propioaren inguruan gogoetatzeko abiatu direnak, hizkuntza-eskubideen bermerako proiektua(k), curriculum propioaren diseinua(k), pedagogia berritzaileetan oinarritutako proiektuak, herrien izaera hezitzailean sakontzen duten gogoetak eta esperientzia praktikoak, eskola eredu berrien ezaugarritzeak... Etorkizunean hezkuntza-sistema propioa gorpuzteko ezinbestekoak eta baliagarriak izango diren ekimenak denak ere.

Inposatzen zaigunaren aurrean erantzuten badakigula erakutsi du hezkuntza-komunitateak eta horretan segitu beharko dugu oraindik ere. Zentzu horretan, Sortzen elkarteak maiatzaren 5ean Hezkuntza Plataformen Topaguneak deitu duen mobilizazio egunean era zabalean parte hartzera deitzen du hezkuntza-komunitate osoa, hezkuntza eragileak eta baita euskal gizartea ere. Baita, hilabete honetan zehar izango diren norabide bereko mobilizazio eta ekimenak babestu ere. Eta horri lotuta geure bide propioa elkarlanean egiten hasteko deia ere egiten dugu, bai ikastetxe bakoitzeko eskola-komunitatearen eskutik eta baita herri gisako akordio eta lan sareak eraikiz.