Albisteak

Sortzen Jaiko egitaraua prest

2017-05-10

Maiatzaren 21erako hamaika egun falta direnean, gaur, Jaiko egitaraua aurkeztu nahi dizuegu. Esan behar dugu oso pozik eta gustura ari garela, Auzo Bizi Onaren Eskolaren ametsari jarraituz, inoiz baino konprometituago, inoiz baino burujabeago, egin baitugu orain aurkeztuko dizuegun jai eguneko egitaraua.

HASIERAKO OHARRAK ETA PLANTEAMENDU OROKORRA:

Ikaskiloren ametsa: Auzo Bizi Onaren Eskola

Kurtso hasieran aurkeztu genizuen Ikaskilo, aurtengo protagonista. Auzo Bizi Onaren Eskola du amets Ikaskilok, inor atzean uzten ez duen eskola, aniztasuna aberastasun gisa ulertzen duena, euskalduna eta eleanitza, sortzailea eta bizigarria,… Hau izango da aurtengo Jaiaren helburua, jomuga, iparrorratza.

Antolakuntza: auzolana, gure eskoletako altxorra.

Bereziki Iruñerriko bazkideen artean antolatutako Jaia izango da. Auzolanean, gainontzeko bazkideekin batera, horrelako egun bat aurrera ateratzeko behar diren txanda guztiak betetzea lortu dugu. Mila esker, eta, aldez aurretik, zorionak, guraso elkarte, irakasle eta laguntza eman diguzuen elkarte, enpresa, udal eta norbanako guztiei.

Familien neurrira egindako jaia izango da, eta orokorrean, gure eskoletako hezkuntza komunitateari zuzenduta egongo da. Iruñeko Antoniutti parkean eta Basotxo kalean zabalduko da jai gunea.

EKITALDIAK:

Goizeko 10etan: Kalejira Iruñeko Udal Plazatik Anotinutti parkeraino, “Euskaraz Bizi eta Ikasi nahi dut” lemapean. Ikasturteko aldarrikapenak elkartuko ditugu jai giroko kalejira honetan: Ezkaban 4 gela bai, Haur eskolak euskaraz, Euskaraz eta herrian Nafarroan osoan ikasteko eskubidea, …

Goizeko 10:30ean: Lekarozko herri eskolako 4 familiek botako dute Jaiari hasiera emango dion txupinazoa. Aurten lortu dute herriko eskola irekitzea. Sortzen Elkartetik zoriondu egin nahi ditugu famili horiek, eta modu berean, eskerrak eman egindako apustuarengatik. Izan ere, Lekarozen ere eskolak eta herriak bat egiten dute, landa eremuko eskolei bultzada bat emanez horrela.

Eguerdiko 13:30ean: BESARKATU eta Jaiko kanta zuzenean (Broken Brothers Brass Band). Bi zati izango ditu ekitaldi honek. Alde batetik, Noainen, orain dela 9 urte D eredua zabaldu zuten ikasleek, aurten D eredua Tafallan, Kaparroson eta Lodosan zabaldu duten ikasleekin bat egingo dute. Guztiak, momentuz, Vascuence Legearen arabera, Nafarroako zonalde diskriminatuan kokatuak daude. Bestetik, datorren urterako, beraien herrietako eskoletan, euskarazko murgiltze eredua zabaltzea lortu duten familiei BESARKADA emango diegu: Allo, Antzin eta Erriberri, hain zuzen ere. Bukatzeko, Broken Brothers Brass Bandek, Jairako egin duen abestia, zuzenean joko du.

AURTENGO BERRIKUNTZAK:

Hezkuntza Azoka-Erakusleihoa: Aurtengo Jaian, inoiz baino gehiago, gure eguneroko jardunari garrantzia emateko apustua egin dugu. Horregatik, Hezkuntzari eta Euskarari behar duten isla eman nahi diegu. Zentzu horretan antolatu ditugu ekimen ezberdinak.

  • Guraso Elkarteen tailerrak eta erakusketak. Iruñerriko eskoletako Guraso Elkarteek, tailer bana prestatu dute goiz osoan zehar gozatzeko (eskulanak material birziklatuarekin, ponpa erraldoiak, xakea, fotokola, txapak egiteko tailerra ... ). Aparte, azkenaldian ikastetxeetan landutako zenbait proiekturen inguruko panel informatiboak egongo dira.

  • Hezkuntzarekin eta euskararekin lotura duten eragileen erakusleihoa ere izango dugu eguerdi arte. Bakoitzaren informazioa eta materiala eskuragai egoteaz gain, zenbait ekimen ere burutuko dituzte. Besteak beste:

    • Bilgune Feminista (Hezkidetza Gida eta txapa feministak egiteko aukera)

    • Saharako Kabiak elkartea (Haima, kamishibaiak 11.00etan Emauseko Traperoen busean, 12.00etan eta ordu batetan, henna tailerra, eta te dastaketa)

    • Udako Euskal Unibertsitatea

    • Chrysallis EH (material didaktikoaren aurkezpena eta txapak egiteko aukera)

    • Euskal Memoria (aurkezpena zehazteke)

    • Enneco, haritzaren memoria parkea (Parkearen 3Detako maketa ikusgai jarriko dute)

    • Argia aldizkaria

    • Karrikiri

    • Topagunea (Hezkuntza eta aniztasun kulturalaren inguruko proiektuak)

    • Ikasle Abertzaleak

    • STEILAS (Ortzadar Gara ikas-unitatearen aurkezpena 12.00etan Emauseko Traperoen busean)

    • Labrit Multimedia (Ondare ez materialaren euskarri digitalak eta Xaldun Kortin jolasen bildumaren liburuxka)

    • LAB (jangela zein ebaluazioaren inguruko hausnarketak)

    • Elikaherria (elikadura burujabetza)

    • Emauseko Trapuketarien busa: bertan, bideo gela egoteaz gain, lehen aipatu ditugun zenbait aurkezpen eta ekitaldi burutuko dira: kamishibai, STEILASekoen aurkezpena…

Janari eskaintza: Jaiko tabernan egongo den janaria bertakoa, kalitatezkoa eta ekologikoa izatea lortu dugu. Horretarako, “Landare” kontsumitzaileen elkartearekin eta Txantreako “KM zero” harategiarekin hitzarmenak egin ditugu. Hauxe izango da egongo den eskaintza zehatza:

  • Bokatak: Bertako eta kalitatezko solomo eta hirugiharrarekin. Baita Humus piperradarekin ere, biak ekologikoak.

  • Paella ekologikoa: arroza eta barazki ekologikoekin. Erabiliko den Nafarroako Erriberako oliba olio ekologikoa, Errigora ekimenaren ekarpena izan da.

Ikasle olinpiadak: DBH3 eta Batxilergoko 1. ikasturtea arteko Iruñerriko ikasleekin batera, jolastuz ikasi filosofia pean, ikasle olinpiadak izango ditugu aurten, Sortzen Jaian parte-hartzeko beste modu bat eskainiz.

Haizea egitasmoa. Jaiko etekin ekonomikoaren zati bat jasoko du Haizea Egitasmoak. Orain dela pare bat hilabete aurkeztu genuen asmoa da. Laburbilduz: datorren ikasturtean zehar, Nafarroako zonalde diskriminatuan zabaltzen ari diren D ereduko lerroak babesteko eta bultzatzeko helburuarekin, ekimen ezberdinak burutuko ditugu Tafallako, Kaparrosoko, Alloko, Antzineko, Erriberriko eta Lodosako eskoletako D ereduko familiekin batera, bai euskararen erabilera bultzatzeko, aurre-matrikulazio kanpainari bultzadatxo bat emateko, edota sortuko diren lerro berri horiei zorionak emateko.

AZPIMARRATZEKOAK:

Iruñeko Udaleko Mugikortasuna Zerbitzuaren laguntzarekin, Basotxoan, alde batetik, txirringentzako aparkalekua izango da. Bestetik, eguerdi arte, Bizikalea izeneko dinamika izanen dugu: txirringentzako ginkana, jolasak, eta mantenu-tailerrak. Beraz, anima zaitezte, kotxea aparkatuta utzi, eta txirringaz hurbildu Sortzen Jaira, berdin egunerokoan zure eskolara ere.

Munduko Ipuin musikatuak, oso ikuskizun berezia, Zizurko Erreniaga eskolako aita batek parte hartzen duelarik. 2 saio egingo dituzte, eguerdiko 11:30etan eta 12:30etan, Iruñezar Euskaltegian (Baratxurien Plazan), 50 ikusleentzat. 10-16 urte bitartekoentzat. Narratzailea: Maider Galarza. Musikaria: Luis Mari Remesar.

Zirkus Blai taldearen emankizuna: Eguerdiko 12.00etan, zirku emanaldi berezia izanen dugu, Zirkus Blai izeneko taldearen eskutik. Txantreako euskarazko zirku eskolan urteetan egondako neskez osatutako taldea da. Ainhoa Juaniz eta Luis Lainez zirku artisten begiradapean hasi ziren arren, gaur, guztiz autonomoak dira, beraien ikuskizunak goitik behera sortzen baitituzte.

Kaiku Zero KM gunea: Ludoteka eta puzgarriak izango ditugu, egun osoan zehar, Antoniuttiko belar gunean. Gogoratu, bertan, zuhaitz asko daudela, gure errespetu osoa merezi duten zuhaitzak. Beraz, zaindu ezazue gure ingurua eta baita gure ingurukoak ere.

Euskaraz Mintza gunea: Sortzen Elkarteko proiektu horrek bere lekua izanen du aurtengo Jaian. “Euskaraz Mintza” proiektuak euskararen erabilera jolasaren bidez indartzea du helburu.

  • Goizeko 11.00etan, Antoniuttin, eskolen arteko herri kirolak ospatuko ditugu.

  • Arratsaldeko 15:30etatik 17:30etara, adin ezberdinetarako jolasak egongo dira, Euskaraz Mintzako hezitzaileekin, 30 minutuko txandetan.

Iruñerriko Mankomunitatearen Gunea: arratsaldeko 15:30etatik 18:30etara, Iruñerriko Mankomunitateak bere gunea izango du Sortzen Jaian: birziklatzearen puzgarria, zaborrontzi marroiaren informazio postua eta haurrentzako jolasak.

100 saridun zozketa, eguerdiko 14.00tan egingo dugu. Sarien artean: landetxe batean egonaldia, jatetxe ezberdinetan otorduak edota Basaburuko scape room-erako sarrera. Egun hauetan boletuak saltzen ari dira gure eskoletan eta egunean bertan ere aukera egongo da boletuak erosteko. Beraz, zorte on !!!

BESTELAKOAK:

Tonbola eta Sortzen denda. Urtero bezala, elkarteek, eragileek, dendariek edota entrepresa ezberdinek emandako produktuekin eta opariekin, tonbola bat osatu dugu. Modu berean, gure elkartearen materiala salgai izanen dugu, aurtengo Ikaskilo-kamisetak, besteak beste.

Artisauen Azoka. Goizeko 10:30etatik arratsaldeko 19.00tara, Basotxo kalean. 20 artisau baino gehiagoren parte hartzearekin.

Kantuz eta Karrikadantza. Iruñerria mailan ospe handia hartu duten bi ekimen horiek ezin zuten huts egin Sortzen Jaian. Goizeko 10:30etatik, Orreaga Fundazioko Kantuz izango da, eta eguerdiko 12.00etan Nafarroako Dantzarien Biltzarraren eskutik Karrikadantza saioa izanen dugu.

Herri Bazkaria. 15 euro helduentzat eta 7 euro txikientzat. Eskaintza zabala dugu aurten, aukeratzeko plater eta guzti: entsalada ala fideua, txerri masaila ala legatza… Informazio gehiago jaso eta izena emateko, zure eskolako guraso elkartekoei galdetu ala jaia@sortzen.eus helbidera idatzi.

Dantzaldia arratsaldeko 19:30 arte. Ordu horretan Jaia bukatuko da, Marianitoz Blai (Iruñerria-rantxerak), AFU (Barañain-fussioa) eta The Trikiteens (Iruñerria-erromeria) taldeekin.

AZKEN OHARRAK:

Gure Jaian ere, eraso matxistarik ez dugula onartuko argi utzi nahi dugu.

Txirringak eta Iruñerriko garraio publikoa, billabesak, erabiltzeko deia egiten dugu. Gogoratu Iruñeko erdialdean egongo garela, eta txirringentzako parkinga egongo dela.

Edalontzi berrerabilgarriak etxetik ekarri, mesedez. Horrelako edalontziak Jaiko tabernan salgai izanen ditugu euro baten truke, baina gutako bakoitzak, etxean, bat baino gehiago izan dezakegula jakin badakigunez, horiek ekarri eta berriro erabiltzeko deia egiten dizuegu.

Jaiaren inguruko informazio osoa orrialde honetan duzue: www.sortzenjaia.eus

Kontaktua, txandetan laguntzeko, herri bazkarian izena emateko, etab, helbide honen bidez: jaia@sortzen.eus

Mila esker eta laster arte !!!

21ean Iruñeko Antoniutti parkean ikusiko dugu elkar.

Bizerobatzazpi!!! Hau da Auzo Bizi Onaren eskola !!!