Albisteak

Hezkuntzan ere burujabetza behar dugu

2017-05-15

Gaurko agerraldi honetan, Sortzen Elkarteak, adierazpen bikoitza egin nahi du: batetik, hezkuntzan jasaten ari garen inposizio eta eskubide urraketaren aurrean, hezkuntza-komunitate zein euskal jendarte bezala, irmoki erantzuteko beharraren ingurukoa; eta, bestetik, herri zein norbanako gisa, etorkizun burujabe eta duina izan dezagun hezkuntza-eredu propioaren eraikuntzan indarrak bildu eta biderkatu beharraren ingurukoa.

LOMCE inposatu eta ezartzen hasi  zirenetik 4 urte igaro dira, dagoeneko.  Hezkuntza-komunitateak eta hezkuntza eragileok, urte guzti horietan,  gure kontrakotasuna agertzeaz batera, hamaika ekimen, mobilizazio, hitzaldi, proposamen… egin ditugu, LEGE atzerakoi eta inposatzaile honi EZ  eta gure hezkuntza-sistema propioari BAI esateko. Iazko ikasturtean ere, argi eta garbi utzi genuen ERREBALIDA sistemari uko egiten diogula, 178 ikastetxeetan 3. mailako azterketa diagnostikoari PLANTO  eginez.

Aurten, Hego Euskal Herrian, LOMCE legearen ezarpena ia erabatekoa dela ikusi dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, HEZIBERRI dekretuaren bidez, eta Nafarroan “a la Navarra” aplikatzen ari direlarik gure ikastetxeetan.

LOMCE legearen helburuak betetzeko ezinbestekoa den errebalida sistema osoa martxan dago, Nafarroa Garaia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan : LHn:  3. eta 6. mailan, DBHn: 4. mailan eta batxilergoko 2. mailan. Horrez gain, ikastetxeak behartuta daude aktak LOMCE legearen irizpideen arabera betetzera; argitaletxeek testu-liburuak LOMCE-HEZIBERRIren parametroetan egokitu dituzte dagoeneko...

Informaziorik ez ematea izan da, beste behin ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sailburuaren estrategia, hezkuntza-komunitatearen erantzuna baldintzatu nahian ziurrenik. Ikasturtean zehar, hezkuntza-komunitatea eta ikastetxeak noraezean izan ditu, noiz, nola eta zeintzuk azterketa egingo ziren jakitera eman gabe. Azken momentuan, azterketak egiteko garaian, bidali dute informazioa, zein ikastetxetan egin behar diren eta nolakoak izango diren azterketak azalduz: LH 3. mailan ikastetxe guztietan, eta LH 6. mailan 30 eta DBH 4. mailan bestalde, 60  ikastetxe hautatu dituzte pilotajea egiteko. Batxilergoko 2 maila amaitzean unibertsitatera joan nahi duten ikasleek derrigor egin beharko dute planteatzen zaien errebalida-froga.

Testu-inguru horretan sartu gara maiatzean, aurreko ikasturteetako dinamikari eta konpromisoari jarraiki, martxan diren errebaliden aurrean planto egiteko eta era zabalean mobilizatzeko, hezkuntza eragile ezberdinek egindako  deialdietan murgilduta, hain zuzen ere. 

Hezkuntza-komunitatea LOMCE eta HEZIBERRIren kontra eta Hezkuntza-sistema propioaren alde lanean ari gara urte luzez. Orain ere, eta oztopoen gainetik, familia, ikasle zein irakasle zein langile ez dozenteok, aldarrikapen horiek ozen gizarteratzen ari gara, mobilizazio, greba eta ekimen ezberdinetan. Maiatzaren 5ean, Hezkuntza plataformen topaguneak deitu eta hainbat hezkuntza eragilek babestu genuen mobilizazio eguna abiapuntu hartuta, hilabete honetan zehar izango diren norabide bereko mobilizazio eta ekimenen garrantzia ere azpimarratu nahi dugu.

Maiatzean zehar egingo diren errebaliden aurrean, berriz ere, PLANTO egiteko deia luzatzen du Sortzenek, eta horri lotuta, geure bide propioa elkarlanean egiten hasteko deia ere egiten dugu, bai ikastetxe bakoitzeko eskola-komunitatearen eskutik, eta baita, herri gisa akordio eta lan sareak eraikiz ere.

Momentua inportantea da hezkuntza burujabetzaren aldeko aldarria entzun arazteko, izan ere, aurrera begira, Madriletik iragarria duten hezkuntza-itun berria ez da albiste ona izango, ez  gure herriarentzako, ezta gure hezkuntzaren etorkizunerako, beste behin ere, geure hezkuntza-sistema eraikitzeko eskubidea ez baitzaigu aitortuko bertan.

Beraz, gure ustez, ordua da, Euskal Herrian nahi eta behar dugun hezkuntza-ereduari, euskal eskola eredu berriari bide emango liokeen hezkuntza sistema-propioa eraikitzeko bidean indarrak biderkatzeko.

SORTZEN elkartetik horixe adierazi genuen ikasturte hasieran. Hezkuntza burujabetzaren norabidean kokatu behar ditugu gure ahaleginak eta lanak. Ildo horretan, Hezkuntza-komunitate gisa, adostasunean eta elkarlanean konpromisoak hartzeko aukera zabalik dagoela pentsatzen  dugu, eta bide hori urratu beharra daukagula sinistuta gaude.

Hezkuntzan ere burujabetza behar dugu, hori delako bide bakarra, gure hezkuntza eskubideak oinarri izango dituen hezkuntza- sistema propioa eraikitzeko, eta hortik aurrera, etorkizun ezberdin bat amesteko belaunaldi berrientzat eta baita Euskal Herriarentzat ere.

2017ko maiatzaren 15ean,

Sortzen