Albisteak

Jaia eta aldarrikapena ! Igandean Sortzenjaia Antoinuttin

2017-05-16

Maiatzaren 21ean, Sortzen Jaian, aldarrikapenetarako tartea izanen dugu ere

Aurtengo Jaiaren egitaraua aurkeztu dizuegu jada. Bertan agertzen diren zenbait ekimenetan erreparatu nahi dugu, eta aldi berean, azalpen gehiago eman. Kasu honetan, eta beti ere jai giroan, aldarrikapen zehatzekin lotuak diren ekimenetaz ari gara.

Hasteko, goizeko 10etan, Iruñeko Udal Plazatik abiatua, Kalejira aldarrikatzailea ospatuko dugu. “Euskaraz Bizi eta Ikasi nahi dugu” lelo orokorra badu ere, Antsoaingo Ezkaba Ikastetxean, lehen hezkuntzako lehenengo mailan laugarren gela bat irekitzearen aldeko aldarriari bozgorailua jarriko diogu. Jakingo duzuenez, Hezkuntza Departamenduak hiru gela besterik ez ditu ireki nahi, modu honetan, hiru familia kanpoan uzten ditu, eta masifikazioari atea irekitzen dio Departamenduak. Kalitatezko hezkuntza baten alde kokatzen dugu gure burua, horregatik, ezin dugu Administrazioaren jarrera onartu. Beraz, ozen entzungo gaituzte: Ezkaban, laugarren gela, bai !

Kalejira hau Antoinutti parkean amaituko da, goizeko 10:30ean. Momentu horretan, Jaiari hasiera emango dion txupinazoa botako dugu. Etxafuegoa bota baino lehen, Sortzen Elkarteko koordinatzaile orokorra den Begoña Bitorikak, elkartearen izenean agurra bota eta adierazpenak egingo ditu. Aurten, Lekarozko eskolako familiek botako dute txupinazioa, herriko eskola berrirekitzea lortu duten familiak baitira. Azken urte hauetan, Nafarroako Landa Eremuko zenbait eskolen itxieraren berri izan dugu, horregatik, aurtengo irekia, Lekarozen, ospatzeko modukoa da. Zorionak eta mila esker egin duzuen apustuarengatik! Beste eskola berri bat Baztango Landa Eremuko Eskolen Sarean. Herria eta eskola, euskara eta landa eremuko heziguneak, auzoeskolan, auzo bizi onaren eskolaren bidean. Orain, Administrazioaren inplikazioa exijitzen dugu, baliabideak eta inbertsioa, eskola txikien alde, Nafarroako herri txikietan ere euskarazko eta kalitatezko hezkuntza izan dezagun.

Ohar honi amaiera emateko, eguerdiko 1:30ean ospatuko dugun ekitaldiaren inguruko xehetasunak emango dizkizuegu. Barabatu izeneko batukadak hasiera emango dio ekitaldiari, eta alde batetik, orain dela 9 urte D eredua Noaingo Eskolan irekitzea lortu duten familiak, aurten D eredua Tafallan, Lodosan eta Kaparroson irekitzea lortu duten familiekin elkartuko ditugu. Noaingo ikasleek, haritza kimu bana, eta espresuki sortutako testu bat, oparituko diete aipatutako hiru eskola horietako D ereduko famili berriei. Eta lehenengo zati honi amaiera emateko, “agurra” dantzatuko dute. Ekitaldiaren bigarren zatian, datorren urtean Allon, Antzinen eta Erriberrin euskarazko murgiltze eredua beraien herriko eskoletan irekitzea lortu duten familiei “besarkada” emango diegu, gure babesa emateko, eta modu berean, zoriontzeko, beraiei esker, Vascuencearen Legearen pareta geroz eta ahulago baitago.

Bukatzeko, alde batetik, Broken Brothers Brass Band taldeak, Jai honetako sortutako abestia zuzenean joko dute, “Auzo Bizi Onaren eskola” kanta: https://www.youtube.com/watch?v=FC_o8k6lABM. Bestetik, 100 sari dituen zozketa egingo dugu, eta saria izango duten 100 zenbakiak jakinaraziko ditugu, bertan, baita web orrialdean ere http://sortzen.wixsite.com/jaia/zozketa.

Beraz, azkenik, Sortzen Jaian Auzo Bizi Onaren Eskola eta Hezkuntza Burujabetza aldarrikatzeko leku paregabea izango dela ziur gaudela azpimarratu nahi dugu. Animo eta aurrera !