Albisteak

Errigoraren kanpaina berria eta Haizea Dinamika

2017-10-11

Garesera, D ereduan ikastera joaten ziren inguruko herrietako familiekin hasi ginen lanean, orain dela 8 urte. Garai horietan, garraiorako eta jantokirako dirulaguntzak aldarrikatzen zituzten, beraien herrietan euskaraz ikasteko eskubiderik ez zuten eta. Ordutik, herrian eta euskaraz ikastearen eskubidearen alde zenbait jaialdi antolatu ditugu: Artaxoa, Mendigorria, Larraga, Oibar, Bilatorta, Faltzes …

2016an hasi ginen D ereduaren aldeko kanpaina zuzena egiten, 2015eko otsailean Vascuencearen Legearen barruan, Nafarroako Parlamentuan, modifikazioa aurrera atera ondoren. Bi matrikulazio kanpainetan parte hartu dugu, herriz herri, eta sortu diren D ereduko lerroei babesa eta laguntza ari diegu ematen: Tafalla, Kaparroso, Lodosa, Allo, Erriberri eta Antzin.

  • Errigora, zubigintza eta herrilana, Nafarroa osoan euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde:

Aurten ere, lehen aipatu dugun bezala, Errigorak bultzatzen duen kanpainan parte hartuko dugula jakinarazi nahi dizuegu. Horregatik, Sortzeneko bazkide diren eskoletan, eskaera zerrendak egongo dira urriaren 26tik azaroaren 14arte. Nafarroako Erriberako produktuak, ekologikoak, etxeetara ekartzen, auzolanean, eta gainera, Erriberan euskararen aldeko urratsak bultzatzen. Gure kasuan, Errigorako saskiekin lortzen dugun diru kopurua, D ereduko lerro berriak Erriberako eskola publikoetan zabaltzen, babesten, eta laguntzen inbertitzen dugula gogoratu nahi dugu.  Aurten, Haizea Dinamika izena jarri diogu ekimen horiei.

  • Haizea Dinamika (Euskara haizea da, eta haizea ezin da ebaki):

Ekimen ezberdinak Erriberan sortu diren D ereduko lerro berriekin batera burutu nahi ditugu, helburu ezberdinekin: Familietan euskararen erabilera bultzatzea, D ereduko komunitatea trinkotzea, euskarazko hezkuntzaren inguruko ezjakintasunari aurre egitea eta euskarak, Nafarroa osoan, estatus ofizial bat izateak duen garrantzia jendarteratzea.

Besteak beste, ekimen hauek nahi ditugu martxan jarri Erriberako D ereduko herri-eskoletan:

  • Familietan euskararen erabilera bultzatzea jolasen bidez (Euskaraz Mintzako saioak).
  • Euskaraz Bizi eta Ikastearen aldeko auzolanean egindako mural erraldoia.
  • Aurrematrikulazio kanpainarako euskarri komunikatibo propioak editatzea, bertakoen errealitateari eta testigantzei bozgoragailua jarriz.
  •  "Besarkatu" bezalako ekimenak berreskuratzea, Nafarroako zonalde diskriminatuan euskarazko murgiltze ereduaren alde apostua egiten ari duten familiei babesa eta berotasuna emateko.

Beraz, animo eta aurrera, ekin herrilanari hezkuntza burujabetzaren alde, Nafarroa osoan ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko duen eskolaren alde. Urriaren 26tik azaroaren 14arte, egin ezazu zure eskaera.

Informazio gehiago: errigora.sortzen@gmail.com