Albisteak

Otsailak 26, 'Katalanez bai, euskaraz zergatik ez?' mahaingurua Bilbon

2018-02-19

Beste behin ere, hizkuntza edo hizkuntza gutxiagotuen gaia zehazki, plaza politikoaren erdigunean kokatu da.

Batetik, Euskal Herrian, hezkuntza-sisteman ezarrita daukagun hizkuntza-ereduen sistema agortua dela eta, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen murgiltze ereduaren beharra berriro dugu hizpide eta aldarrikapen, bai hezkuntza-komunitatearen zein euskalgintzaren eskutik.

Katalunian bestetik, arriskuan egon daiteke urteetan arrakastatsua izan den murgiltze sisteman oinarritutako eskola katalana. Madridetik zentralizaziorako joera eta urrats nabarmenak ikusten hasita gaude eta horrek gure aldetik ere, gogoetatik harago, adostasun zabaletan oinarritutako ekimenak eskatuko dizkigula uste du Sortzenek, gure hizkuntza eta kultura babesteko ekimenak, besteak beste.

Guzti honen inguruan aritzeko, otsailaren 26an, 18:00etan, Bilbon Euskaltzaindiaren egoitzan, mahai-ingurua antolatu dugu, eta bertan izango dira gurekin Kataluniatik etorrita, Oriol Amorós Generalitateko Migrazio, Berdintasun eta hiritartasun idazkaritzako arduraduna eta Rosa Monforte Plataforma Per La Llenguako ordezkaria.

Gonbidapen zabala luzatzen dizuegu bertaratu zaitezten, euskaldunontzako ere Kataluniako esperientzia eta ibilbidea aberasgarri izango direnaren ziurtasuna baitugu.