Albisteak

Apirilak 15 BESARKATU Erriberrin | Egitaraua eta azken oharrak

2018-04-10

Apirilaren 15ean, igandean, Erriberrin izango gara. Bertan, duela hiru urte arte eskola publikoetan euskaraz ikastea debekatua zuten Nafarroako zenbait herrietan D eredua irekitzea lortu duten familiak elkartuko ditugu. Eta batez ere, datorren ikasturtean beraien herrietako eskoletan euskarazko murgiltze eredua lehen aldiz irekiko duten Barasoaingo eta Azkoiengo familiak besarkatuko ditugu.

Horiekin batera, Erriberriko, Alloko, Antzingo, Lodosako, Tafallako, Kaparrosoko eta Erriberriko familiak. Familia horiek zoriondu nahi ditugu aurrerapauso historiko baten protagonistak baitira. Modu berean, Nafarroako jendartearen ordezkaritza zabal baten eta Sortzen Elkartearen babesa helarazi nahi diegu, urteetako diskriminazio egoera bati amaiera ematea lortu dute eta.

Egitaraua:

- Goizeko 11:00tan, Erriberriko Teobaldotarren Plazan, haurrentzako jolasak eta tailerrak izango ditugu. Bestalde, erraldoiez eta musikaz alaituko ditugu kaleak eta Erriberriko dantzari txikien emanaldia ere izango dugu. Goiz osoan zehar DJungle DJak plaza girotuko du eta taloak dastatzeko aukera egongo da.

- Eguerdiko 13.00etan, Besarkada ekitaldia ospatuko dugu. Plazaren erdialdean D ereduko familiek hezkuntzako eta euskalgintzako eragileetako ordezkarien berotasuna besarkada batekin jasoko dute. Ondoren, bertako produktuekin eta Errigorako jakiekin “piskolabis” bat prestatuko dugu.

- Eguerdiko 14:00ak arte jolasak eta musika izango ditugu.

Momentuz hauek dira ekitaldian beraien parte hartzea konfirmatu duten instituzio eta eragiletako pertsonak:

- Andoni Lacarra eta Maite Garbayo (Erriberriko Alkatea eta Kultur zinegotzia)

- Xabi Garcia (AEKko Nafarroako arduraduna)

- Maria Solana (Nafarroako Hezkuntza Departamenduko Kontseilaria)

- Aitor Etxarte (Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria)

- Zigor Etxeburua (Kontseilua)

- Roberto Perez (Nafarroako Hezkuntza Departamenduko Zuzendari Nagusia)

- Nafarroako Udalerrien Federazioen kide bat (izena konfirmatzeke)

- Mikel Arregi (Euskarabideko zuzendari kudeatzailea)

- Amaia Zubieta (Steilas sindikatuko ordezkaria)

Modu berean, D eredua duten eskoletako zuzendaritzen eta herri horietako udal ordezkarien parte hartzea izanen dugu.

Bukatzeko, zenbait ohar:

Igandean, Erriberrin, euskarazko murgiltze eredua zabaltzea lortu duten familiak besarkatzeaz gain, norabide horretan, zonifikazioarekin amaitzeko, alegia, aurrerapausoak eman dituzten udalerrien determinazioa ere txalotu nahi dugu. Horretarako, Erriberriko udal ordezkariak izanen ditugu, iaz eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzea lortu zuten Nafarroako laurogei udalerri baino gehiagoren ordezkari gisa. Erriberriren kasuan, ikasturte honetan hasi dira D ereduarekin bertako eskolan, baita Antzinen ere; Tafallan, pasa den ikasturtean lortu zuten D eredua irekitzea. Eskola eta Udala, elkarrekin, euskarari bidea emanez.

Era berean, gogoratuko dugu, Vascuencearen Legeak ezartzen duen hizkuntza eskubideen diskriminazioarekin amaitzea helburu duen Batzorde Berezi bat sortu berri dela Nafarroako Parlamentuan. Guk, Euskararentzako Lege Berri baten beharra aldarrikatuko dugu, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatuko duen Lege Berria alegia.

Bukatzeko, gonbidapen zabala egin nahi dugu. Dagoeneko, Hezkuntza eragileen, Euskalgintzaren, alderdi politikoen zein tokiko administrazioetako ordezkarien ateak jo ditugu Besarkadan parte hartzeko gonbidapena eginez. Baina gogoratu nahi dugu, euskarazko murgiltze ereduaren komunitate osoa dagoela gonbidatua igande honetan Erriberrira etortzeko. Horrez gain, euskararen erabileran nafartarren elkarbizitzaren aldeko apustu garbia ikusten dutenak gonbidatu nahi ditugu Sortzen Elkartetik. Gurea elkarbizitzaren aldeko aldarrikapena delako, euskara besarkatzeko, D eredua mugarik gabe zabaltzeko, elkarrekin, euskararentzat lege berri bat lortzeko.