Albisteak

Euskarazko hezkuntzari ate berriak irekitzen ari diren familiek besarkada jaso dute Eriberrin

2018-04-15

Gaur, apirilak 15, Besarkatu Ekimena ospatu du Sortzen Elkarteak Erriberrin euskarazko hezkuntzari ate berriak irekitzen ari diren familiak besarkatzeko.

Goizeko 11:00etan hasi eta 14:00etan bukatu da festa. Bertan, Erriberriko eta Uharteko ikasleen dantzez, DJungle-ren musikaz, tailer eta joko aunitzez eta eguerdiko 13:00etan burutu den ekitaldi nagusiaz, besarkadaz, gozatu ahal izan du Erriberriko Plazoleta bete duen jende guztiak.

Zorionak familiak! Zuek lortzen ari zarete euskarari inposatutako mugekin bukatzea:

  • Datorren ikasturtean Azkoienen eta Barasoainen D eredua.

  • Aurten hasi dira Allon, Antzinen eta Erriberrin.

  • Pasa den ikasturtean: Tafallan, Lodosan eta Kaparroson.

  • Zudairen, Lezaunen eta Abarzuzan orain dela hiru ikasturte.

Merezi duen lekua berreskuratzen ari da euskara, zuei esker. Txikitasunetik, handira. Herriz herri, Vascuencearen Legeak mantendutako diskriminazioari buelta ematea lortzen ari da. Zuekin gaude, ez zaudete bakarrik. Mila esker zuen seme-alabek lingua navarroruma ere jakin dezaten hartutako erabakiarengatik. Merezi du esfortzuak, eta haurrek aukera merezi dute.

Bestalde, euskarak ofizialtasuna behar du jada Nafarroa osoan. Nafartarroi hizkuntza eskubideak errespetatze bidean pauso garrantzitsu hau ematea beharrezkoa da. Euskara haizea da, eta haizea ezin da ebaki. Gure hizkuntza eskubideak ezberdinak dira Nafarroako zonifikazio inposatuaren arabera. Ez, ez du zentzurik.

Nafarroako Parlamentuan Batzorde Berezia sortu da, zonifikazioarekin bukatzeko. Sortzenetik gure indarra bidaltzen dugu eta ausardia eskatzen diegu parlamentariei. Aurrerapausoak behar ditugu, aldaketa behar dugu... eta Nafarroan euskarak ofizialtasuna behar du.

Hainbat izan dira besarkadan parte hartu duten Nafarroako hezkuntza komunitateko eta euskalgintzako eragileak, alderdi politikoak eta instituzioak. Mila esker zuei ere!

  • Xabier Gartzia, AEKko arduraduna Nafarroan.

  • Zigor Etxeburua, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko lehendakaria.

  • Maria Solana, Nafarroako Hezkuntza Departamenduko Kontseilaria.

  • Roberto Perez, Nafarroako Hezkuntza Departamenduko Zuzendari Nagusia.

  • Aitor Etxarte, Nafarroako Eskola Kontseiluko Presidentea.

  • Mikel Arregi, Euskarabideako Zuzendaria.

  • Raúl López eta Amaia Zubieta, STEILASeko ordezkariak.

  • Esther Korres, EHBilduko parlamentaria.

  • Consuelo Satrustegi, Geroa Baiko parlamentaria.

  • Igor Arroyo Leatxe, LAB sindikatuko ordezkaria