Albisteak

Erizaintzako gradua euskaraz ikasi ahal izatea aldarrikatu dugu NUPeko ateetan

2018-04-25

Sortzen Elkarteak, Iruñeko Euskalgintzarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Erizaintzako gradua euskaraz ikasi ahal izateko aldarrikapena fakultate horretako ateetaraino eraman du. Erizaintzako ikasleekin batera, beste hitzartze batera, Nafarroako Arartekotik jasotako txostenean agertzen diren aholkuak aletu ditugu. Eta denok bat egiten dugu: Erizaintza da NUPk euskaraz berehala jar dezaken graduetako bat. Hona hemen prentsaurrean irakurri ziren testuak. Laster aldarrikapen honekin lotutako ekimen gehiago iragarriko ditugu.

Amaia (Erizaintzako ikaslea): Egun on, Amaia naiz. Tuterakoa naiz eta euskalduna naiz. Tuteran bertan euskaraz egin dut nire eskola ibilbidea batxilergora arte. Erizaintza ikasten ari naiz NUPen, eta momentuz ezin dut bertan euskaraz ikasi. Niretzat gogorra izan zen Iruñera etorrita Unibertsitatean Erizaintza euskaraz ezin izango nuela egin ikustea. Jakin badakit nik bezalaxe NUPen euskaraz ikasi nahi dugun ikasle asko gaudela. Eta Erizaintzan, zehazki, erdiak baino zertxobait gehiago euskaldunak garela. Baina egoera da, karrera osoan soilik bi ikasgai eskaintzen digutela euskaraz. Gure eskubideak herritar eta ikasle gisa urratzen ari da NUP, eta konponbide bat eskatzen dugu.

Ane (Erizaintzako ikaslea): Egun on, Ane naiz. Iruñean bizi naiz eta Amaiak bezala NUPen Erizaintza gazteleraz ikasten dut. Aukeratu dugun karrera honek ezaugarri berezi asko ditu. Izan ere, osasunaren zaintzan ariko gara lanean ikasketak amaituta, eta horrek esan nahi du pazienteekin harreman zuzenean ariko garela. Hain zuzen ere, maiz, osasun arazoak dituzten pertsonekin. Haiekin harreman gertua eta konfiantzazkoa izatea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu kalitatez atendituak izan daitezen. Komunikazioa da gakoa, eta erdaldunei zerbitzua haien hizkuntza ematen zaien bezalaxe, euskaldunek ere euskaraz jasotzeko eskubidea dute. Izan ere,  pazienteak, eta haien familiarrek, izaten dituzten berezko beldur eta zalantzak beraien ama hizkuntzan argitzeak  harremana hurbilarazten  duela ikusi dugu. Horregatik nahi dugu euskaraz forma gaitzaten, gero herritarrak haiek aukeratzen duten hizkuntzan atenditu ahal izateko.

Euskaldunon Eskubideen Behatokia: Amaia, Ane eta beste 3 ikasle gehiagorekin jo genuen Hizkuntza Eskubideen Behatokitik Arartekoarengana, modu argian urratzen ari baitzaizkie ikasle hauei eta haien egoeran dauden ikasleei hizkuntza eskubideak. Eta Aratekoak eman du bere iradokizuna, horrela baitio:

Nafarroako Arartekoak komenigarritzat jo du Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari iradokitzea neurriak hartzeko unibertsitate horretan erizaintzako gradua euskaraz ezarri ahal izateko, ikasketak aipatutako hizkuntzan egin nahi dituzten ikasleek hala egin dezaten”.

Iradokizun hau ikasle hauen egoera mahai gainean eta Nafarroako Parlamentuak otsailaren 15ean emandako ebazpena aintzat hartuz eman du. Ebazpen horrek dio:

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eta NUPi Erizaintzako Gradua, baita eskatzen diren gainerako ikasketak ere, euskaraz egiteko aukera eskaintzeko eskatzen die eta helburu hori betetzeko beharrezkoak diren urrats guztiak eman ditzatela”.

Arartekoaren iradokizunak jasotzen du Erizaintzako ikasketak euskaraz ezartzea bat datorrela:

  1. Euskararen Foru Legearen 1. artikuluarekin: euskararen erabilera arrunta arautzea gizarte bizikidetzaren eta irakaskuntzaren esparruetan, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea babestea, euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan eta euskararen erabilera sustatzea, eta euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondaztekotasun eta mailakatze irizpideei jarraiki.

  2. NUPeko araudi erregulatzailearekin ere bat dator, izan ere maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretu bidez onartutako araudi horren estatutuetan hizkuntza hori sustatzeko printzipioa dago, euskarak unibertsitatean duen presentziarekin lotuta.

Gainera dio, “Erizaintzako Graduko ikasleen artean euskaldun asko egongo lirateke eta horrek iradokitako noranzkoan urratsak ematea egokia litzatekela azpimarratuko lukeela”.

Era berean dio: “herritarrei osasun zerbitzu publikoa ematearekin lotura estua duen disziplina dela hartu behar da gogoan, eta zerbitzu horretan erabiltzaileek hitz egiten duten hizkuntzan zerbitzua emateak esanahi berezia du interesdunentzat, are gehiago herritar horiek administraziora euskaraz zuzentzeko eskubidea baldin badute, baita eremu euskaldunean ere, euskara hizkuntza ofiziala baita, eta, beraz, erantzunak eta arreta Nafarroak berea duen hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute”.

Iradokizuna Errektoretzari eta Hezkuntza Sailari helarazi zaie. Lehenak, ezintasuna adierazi du irakasleen kontratazio terminoetan. Bigarrenak begi onez ikusi du iradokizuna eta horren beharrarekin bat egiten du. Horretarako NUPekin duen hitzarmenean euskararen presentzia areagotzeko hartutako neurrien berri ematen du.

Hauek horrela, errealitatea da gaur gaurkoz ez dela aldaketarik eman eta soilik 2 ikasgai eskaintzen direla euskaraz gradu osoan. Hitzorduak eskatuko dizkiogu bai Errektoretzari, baita Hezkuntza Sailari ere, urratsak eman ditzaten.