Albisteak

Urriak 27 MANIFESTAZIOA Iruñean: Euskara Nafarroa osoan BEHINGOZ ofiziala izan dadin

2018-10-26

Urriaren 27an Kontseiluak deitutako mobilizazioa dela eta, hona hemen Sortzen Elkartetik argitaratutako iritzi artikulua: Nafarroa osoan euskaraz bizi eta ikasi nahi dugulako, behingoz

Ikasturte hasiera honetan, Sortzen Elkarteko kideok, Nafarroako parlamentura gonbidatuak izan ginen gure iritzia eman genezan Vascuence Legea gaindituko lukeen Euskararen Lege berri baten harira.

Hamar urte baino gehiago pasa dira Gares inguruko familiek Sortzen elkarteko atea jo zutenetik laguntza eske. Gero Lizarra ingurukoak etorri ziren. Beraien herri eskoletan ezin zuten D eredua aukeratu zonalde ez euskalduna deritzoten horretan kokatuta zeudela eta, ondorioz, beraien seme-alabak, derrigorrez, zonalde mistoan kokatutako Garesko eskolan matrikulatu behar izan zituzten.  Lege baztertzaile batek sortutako diskriminazio eta zentzurik gabeko egoeraren adierazle argia. Astelehenetik ostiralera, goizero, guraso haiek seme-alabak hartu, eta autobusean edota kotxean eramaten zituzten eskolara, zeren, beraien haurrentzat euskarazko irakaskuntza nahi izan zuten guraso haiei, beraien herriko eskoletako ateak itxi egin baitzizkieten euskarari ateak ixtearekin batera. Nafarroako berezko hizkuntzan, euskaraz, ikasteko hautua egin zutenek, haurrak beraien ingurune naturaletik atera, eta, egunero, errepidean, joan etorrietan kilometroak egitera behartuta ikusi zuten beraien burua.  Orain urte batzuk, Nafarroako parlamentuak hezkuntzarako lege aldaketa egin zuen, Nafarroa Garaia osoan D eredua eskaintzea posible eginez horretarako eskaera kopuru zehatza egon ezkero. Horrela, Kaparroso, Lodosa, Tafalla, Erriberri, Antzin, Allo, Barasoain, Azkoien eta Sesmako herri eskoletan euskarazko lerroak ireki dira. Ez da bide erraza izaten ari euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egiten duten familientzat, ez horixe.

Halere, eta horrekin ate bat ireki bada ere, zailtasunak eta oinarrizko oztopo anitzek bere horretan jarraitzen dute Nafarroa osoan euskaraz bizi eta ikasi nahi dugunontzat. Luzea litzateke horren adierazleen zerrenda egitea, baina irakurlearentzat ezagun izango diren adibide batzuk ekarri ditzakegu lerrootara:  haur eskoletan euskarazko eskaintza nahikoa ez bermatzea; lanbide heziketan eta unibertsitatean euskaraz ikasteko muga larriak; ezarrita daukagun hizkuntza-ereduen sistemak eragiten duen kaltea; baliabide eza euskarazko irakaskuntza bermatu ahal izateko; irakasleria euskaldunak jasaten duen diskriminazio egoera...

Mañeruko eskolan euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde itxialdia egin zenetik hiru gertaera gutxienez nabarmendu daitezke. Alde batetik, 2015eko otsailean Vascuence Legearen aldaketa onartu zenekoa; ordutik, Hezkuntza Departamenduak D eredua eskaintzen du lurralde osoko eskola guztietan. Urte bereko maiatzeko hauteskundeetan euskarafobia zuen gobernua bertan behera gelditu zen aldaketarako aukerak ireki zirelarik, euskararen kontrako kanpaina ofizialen garaiak atzean utziz eta euskararentzat orain arte itxiak zeuden ate berriak irekiz. Eta hirugarrenik, pasa den ikasturtean, Nafarroako berrogei udalerrik baino gehiagok hartutako erabakia nafartar guztion hizkuntza-eskubideak aitortzeko norabidean. Denak ere, herri bultzadaren ondorioz eman diren aldaketak.

Guzti hori eraman genuen lehen aipatu dugun Parlamentuko Batzorde Berezian egindako agerraldira, eta bertan, emandako urratsen balioa aitortuz, oraindik egiteko daukagun bidea marraztu nahi izan genuen. Izan ere, hizkuntza-eskubideen garapen eta bermerako urrats garrantzitsuak dauzkagu oraindik emateko, eta lehena eta behinena nafar lurralde osoan euskararen ofizialtasun osoa ezartzea da.

Hezkuntza-Sisteman euskaran murgiltze-eredua da ikasle euskaldun eleaniztunak hezi, eta besteak beste, elkarbizitzarako tresnak eskain ditzakeen bakarra. Eta horretarako euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea ezinbesteko urratsa da, premiazkoa gainera. Edukiz eta konpromisoz betetako ofizialtasuna, hau da, nafar guztion hizkuntza-eskubideak aitortzetik bere berme eta garapenerako bide eta baliabide askotarikoak ahalbidetuko dituena.

Pilota Nafarroako Parlamentuaren teilatuan dago. Euskararentzako lege berria egitea parlamentariei dagokie, eta aditu askoren oniritzia jasoa dute agerraldietan ikusi den bezala. Baina oraingoan ere, herritarron bultzada ezinbestekoa izango da. Urrats hori eman dezaten gure eskaera ez ezik gure babesa ere badutela adierazteak izugarrizko garrantzia hartzen du gaur. Orain da momentua, eta urriaren 27an Iruñeko kaleak bete egin behar ditugu, Nafarroako euskaldun, euskaltzale zein eskubide ororen errespetua balioesten duen orok, baina, baita Euskal herriko beste lurralde guztietatik joango garen euskaldunok eta euskaltzaleok ere, izan ere, erronka hau ez baita nafarrona soilik euskaldun guztiona baizik.  Bidea egin dezagun, euskarari bidea eman diezaiogun behingoz!!!