Albisteak

Maiatzaren 19an ospatuko da Sortzen Jaia Takoneran

2019-04-12

Sortzen elkarteak urtero antolatzen duen jaia, aurten, maiatzaren 19an izango da Iruñeako Takonera lorategien inguruan. Vista Bella eta Bosquecillo dira, hain zuzen ere, aukeratutako guneak eta euskal eskola publiko berriaren aldeko jaia ospatzeko jarduerez beteko dira egun horretan. Familia, gazte eta hezkuntza komunitatea oro har ditu ardatz gure jai egunak, baina, jaian parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei egiten diegu gaur.

Sortzen elkarteak 28 urte daramatza hezkuntza komunitatean Euskal eskola publiko berria aldarrikatzen: haurra erdigunean jarriko duen eskola. Euskara eta euskal kulturan errotua eta hortik munduari irekia. Guztiontzat eta guztiona; aniztasuna, naturaltasunez, aberastasun gisa onartu eta garatzeko baliabideak eskainiko dituena. Hezkidetzan oinarrituko dena, parte hartzailea eta komunitatean txertatua. Sortzen osatzen dugun ikastetxe, guraso talde, irakasle zein herritarron artean eguneroko lanarekin egiten diogu aurre erronka horri eta urteroko jaia horren isla txiki bat izan dadin ahalegintzen gara.

Euskaratik guztion eskola Sortzen da aurtengo leloa. Euskara eskola, familia eta herriaren oinarri bezala ulertzen dugulako. Euskara ulertzen dugulako aniztasunean lokarri, denon proiektua den heziketa prozesua elkarrekin gorpuzteko lanabes, ezberdinen arteko zubi. Euskararen hazia auzo bizi onaren eskolarekin batera hedatuz joatea dugu helburu. Ikasle euskaldun eleaniztunak heztea da erronka, horretarako, euskara ardatz izango duen eskola zein auzo-herria sustatuz. Aurtengo logotipoaren irudikapen grafikoa leloaren hitzak dira.